EMUSIK 2023 musika eta dantza jaialdia

0
PRUEBA

Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak Blas de Otero plaza hartuko du maiatzaren 4tik 7ra bitarte, EMUSIK 2023 musika eta dantza jaialdia bertaratzen den ororekin partekatzeko. Eskolaren lana eta jardueren erakusleihoa izango da aurtengoa. Iazko festaren arrakasta errepikatzeko grinarekin 500 ikasle baino gehiago igoko dira agertokira. Publiko orokorrari zuzendutako lau eguneko jaialdi hau doakoa eta afororik gabekoa izango da.

Musika ikasleek maiatzaren 4etik 6ra bitarte hartuko dute kalea, ikasturtean zehar ikasitakoa praktikan jarriz; guztira 22 taldek parte hartuko dute, bandak, abesbatzak, orkestrak, comboak eta big bandak tarteko. Eskolako Irakasleen Taldeak emanaldia eskainiko du larunbatean, maiatzak 6, arratsaldeko 20:30etan, egun horretako kontzertu sortari amaiera emanez.

Igande eguerdian, maiatzak 7, jaialdiari amaiera emateko dantza ikasleek ikasturtean zehar landutako emanaldi sorta eskainiko dute agertoki berdinean.

Gonbidatu bereziak

Donostia Europako Musikari Gazteen Jaialdiaren anfitrioi izan zen 2016 urtean. Harrezkeroztik Eskolak urtero antolatu ditu EMUSIK emanaldiak, Eskolatik kanpoko taldeak gonbidatuz guztientzako musika eta dantza gunea sortuz.

Aurtengo EMUSIK jaialdian hainbat gonbidatu berezik parte hartuko dute. Hala nola 12 urtetik gorako ikasleez osaturiko Esplugues de Llobregateko Banda Gazteak, Tolosa Musika Eskolako hari ikasleak eta Hondarribiko Eskifaia Txiki abesbatzak.

Nabarmentzekoa da maiatzaren 4ean Plus55 taldeak Atzegirekin batera eskainiko duen Batukada emanaldia. Plus55 2006.urtean martxan jarri zen Udalaren Gizarte Ekintzako programa bat da, gizarte talde desberdinen arteko parte hartzea eta topaketa sustatzea helburu duena. Bestetik, Atzegi, Adimen Urritasuna duten Pertsonen Aldeko Gipuzkoako Elkartea, 1960.urtean sortu zen desgaitasun intelektuala duten pertsonen eta baita haien familien bizi kalitatea hobetzeko, topagune bat eskainiz eta ingurune lagunkoi bat sustatuz. Plus55ko Batukada taldeko kideek eta Atzegiko ikasleek astero entseatzen dute Eskolan Txetxu Ruizen eta Yael Romeroren zuzendaritzapean.

Era berean, nabarmentzekoa da Simon Ezquiagak, Pauso Berriak-eko kideak, maiatzaren 5ean emango duen kontzertua. Donostiarra den abeslariak emanaldi berezia eskainiko du gurean lehen aldiz. Pauso Berriak Gureak eta Atzegik sustatutako ekimen bizi eta gogotsua da. Bere xedea adimen desgaitasuna duten pertsonak euren garapen pertsonal eta soziala ahalbidetuko duten lanpostuetan txertatzea da.

Instrumentuen erakusketa

Eskolak lehen aldiz ikasleak direnei zuzendutako instrumentuen erakusketa antolatu du. Aukera paregabea izango da aurtengoa. Eskolak eskaintzen dituen instrumentu guztiak egongo dira ikusgai eta espezialitate bakoitzeko Eskolako irakasleek honako instrumentuen azalpenak emango dituzte: oboea, fagota, klarinetea, tronpa, tuba, biolontxeloa, kontrabaxua, biolina, biola, txistua eta flauta eztia. Eskolak ikasleak diren 7 urteko gaztetxoak gonbidatu nahi ditu erakusketara datorren ikasturtean zein instrumentu ikasten hasi nahi duten erabakitzen laguntzeko edo ikasi nahi duten instrumentua gertutik ezagutu ahal izateko eta galderak argitzeko. Datorren ikasturtean musika ikasketekin jarraitzeko ikasleen hautaketa prozesuan laguntzea helburu duen ekimena da eta harrera ona espero da.

Egitaraua

Maiatzak 4, osteguna:

  • 17:00-17:30: Txistu Taldea
  • 17:30-18:00: Saxo Ensemblea
  • 18:00-18:30: Batukada Plus 55 + Atzegiko ikasleak
  • 18:30-19:00: Klarinete Ensemble Txiki
  • 19:00-19:30: Klarinete Ensemble Gazte
  • 19:30-20:00: Atotxako Flautistak
  • 20:00-20:30: Gitarra Taldea + Abesbatza
  • 20:30-21:15: Trikitia

Maiatzak 5, ostirala:

  • 17:00-17:30: Simon Ezquiaga (Pauso Berriak)
  • 17:30-18:00: Banda Txiki
  • 18:00-18:30: Espluband (Banda Jove de Esplugues De Llobregat)
  • 18:30-19:00: Banda Gazte
  • 19:00-19:30: Banda Heldu
  • 19:30-20:00: Abesbatza Txiki + Eskifaia Txiki
  • 20:00-20:45: Big Band III
  • 20:45-21:30: Big Band IV

Maiatzak 6, larunbata:

  • 11:00-12:30: Instrumentuen erakusketa (Atotxako egoitzan)
  • 17:00-17:30: I.mailako ikasle eta familiak
  • 17:30-18:00: Perkusio Taldea
  • 18:00-18:30: Orkestra Txiki + Tolosa Musika Eskola
  • 18:30-19:00: Orkestra Gazte
  • 19:00-19:30: Txaranga Plus
  • 19:30-20:00: Atotxako Comboak
  • 20:00-20:30: Herrerako Comboak
  • 20:30-21:30: Irakasleen Taldea

Maiatzak 7, igandea:

  • 12:15-14:00: Dantza ikasleen emanaldi sorta