MUGIKIDE, zainketen ezinbesteko hiru dimentsioak: dieta, kirola eta atsedena

0
PRUEBA

EEGko ESIko Prebentzioko eta Lan-osasuneko Oinarrizko Unitateko taldeak MUGIKIDE proiektua abiarazi du. Zainketen ezinbesteko hiru dimentsiotan oinarritzen da: dieta, kirola eta atsedena.

Izaskun Sáez Larrucea Prebentzioko teknikariak eta Laura Capote León unitateko fakultatiboak, ordezkarietako bik, azaldu digutenez: «Ohitura osasungarriak sustatu nahi ditugu, eta, horretarako, profesionalen osasuna modu aktiboan eta jarraituan hobetzeko ekintzak ezarri nahi ditugu, eta lan-esparrua eta lan-inguruneko eta lan-ingurunetik kanpoko ohiturak osasungarriago bihurtu».

Nola sortu zen proiektua?

Azken urte hauek, dakigunez, garai zailak izan dira, eta COVIDarekin bizitako esperientziaren ondoren, profesionalak akituta daudela antzeman dugu. Ilusio berria sortzeko eta gure langileen autozainketa sustatzeko beharra ikusten genuen. Gure gogoeta honako hau izan zen: Zer behar du erakundeak? Zer behar dute profesionalek? Zertan lagun dezakegu lan-osasuneko unitate gisa?.

Uste dugu une egokia dela autozainketa sustatzeko eta bizi-errutina osasungarriagoak finkatzeko tresnak eskaintzeko. Hau da, mehatxu hori aukera bihurtzeko. Proiektu berri honekin, profesionalari lagundu nahi diogu, beti ikuspegi positibotik; laguntzen saiatu nahi dugu eta, garrantzitsuena, inoren ekintzak epaitu gabe.

Zein da helburua?

Prebentzioa kudeatzeko gure eredua eraldatu nahi dugu, eta sozialki arduratsua eta osasungarria den enpresa bat izateko egokitu. Gainera, lantzen ari garen ISO 45001:2018 araua laneko osasuna eta segurtasuna kudeatzeko sistemetarako esparru bat eskaintzera ez ezik, lantoki seguru eta osasungarriak eskaintzera ere bideratuta dago. Arau horretan, garrantzi handia hartzen du «enpresa osasungarria» kontzeptuak.

Azken batean, langileak MUGIKIDEren bidez ohitura osasungarrien inguruan sentsibilizatu nahi ditugu. Lehentasunezko hiru piezatan oinarritzen da: atsedena, kirola eta dieta orekatua.

Zer ekintza egin dira eta zer jarduera egitea aurreikusi duzue?

Hasteko, gure langileen artean bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko ikus-entzunezko materiala diseinatzen hasi ginen. Informazio-pilulen eta ikus-entzunezko beste material batzuen bidez, eguneroko errutinan gogoeta eragiten eta aldaketa txikiak (osasunerako onuragarri izan daitezkeenak eta, garrantzitsuena, denboran zehar mantendu daitezkeenak) proposatzen saiatzen gara. Hasiera batean, material hori guztia gure langileen eskura egon zen gure ESIaren intranetean, eta, harrezkero, gure eguneroko jardueretan sartzen hasi ginen, bai osasunaren zaintzan, bai ematen ditugun ikastaroetan. Gainera, duela gutxitik atal berezi bat dugu ESIaren Youtubeko kanalean.

Gaur egun, epe labur-ertainera, jarduera berriak planifikatzen ari gara. Enpresen lasterketan parte hartu izana eta ekitaldi-aretoan egindako hainbat saio nabarmendu behar ditugu. Horretarako, lehenik eta behin, EEGko ESIko emaginen laguntza dugu, zehazki, Janire Mirandarena. Menopausiari eta bizitzaren etapa horretan izan daitezkeen sintomei eta kezkei buruz hitz egingo digu, eta bizi-kalitatea hobetzeko zenbait jarraibide emango dizkigu. Harrera ona izatea espero dugu.

Orain arte, profesional batzuengana iristea lortu dugu, baina uste dugu alderdi hori zabaldu egin behar dela eta mezu hori erakunde osoari helarazi behar zaiola. Hori lortzeko, osasuna sustatzeko programa hau guztia diseinatu dugu, beste batzuen laguntzarekin, hala nola Berrikuntza Saila, emagin taldea eta nutrizioko adituak.

Azken batean, gure proiektua sendotzen lagunduko duten hainbat jarduera izango dira aurten gure erronka.