EAE-n Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimei ematen zaien arreta koordinatzeko erakundeen arteko III. Akordioa

0

2023ko urtarrilaren 19an, Lehendakaritzan EAEn emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimei ematen zaien arreta koordinatzeko erakundeen arteko III. akordioa izenpetu zen. Emakunderen zuzendariaz eta lehendakariaz gain, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak; aldundietako, EUDELeko eta arlo judizialeko ordezkariek; eta Euskadiko Sendagileen Kontseiluko presidente Cosme Naveda doktoreak ere parte hartu zuten.

2001ean eta 2009an, hurrenez hurren, akordioaren aurreko bertsioak izenpetu ziren, indarkeriaren biktima diren emakumeei ematen zaien arretaren koordinazioa hobetzeko. Akordio honek, aldaketa sozialetara eta lege berrietara egokituta, berritasun batzuk ditu edukian.

Lehenik eta behin, «indarkeria matxista» terminoa hartu da izendapenerako, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzarako otsailaren 18ko 4/2005 Legearekin bat etorriz: «Emakumeen kontrako indarkeria matxista dira bikotekidearen edo bikotekide ohiaren kontrako indarkeria, familia-indarkeria, sexu-indarkeria, feminizidioa, emakumeen eta neska txikien salerosketa, sexu-esplotazioa, emakumeen genitalen mutilazioa, behartutako ezkontzak eta beste jardun tradizional kaltegarri batzuk, hertsapena edo askatasun-gabetze arbitrarioa, tortura, indarkeria instituzionala, jazarpena, genero-indarkeria politikoa, indarkeria digitala eta sare sozialetakoa, obstetrikoa, sexu- eta ugalketa-eskubideak urratzea, eta emakumeen edo neska txikien duintasuna, segurtasuna edo askatasuna urratzen duen edo urra dezakeen beste edozein indarkeria mota, baldin eta nazioarteko tratatuetan, Espainiako Zigor Kodean edo Estatuko edo Autonomia Erkidegoko araudietan jasota badago. Hori guztia, kontuan izan gabe alor publikoan edo pribatuan gertatzen den; horren barnean sartzen dira, besteak beste, eremu hauek: familia, lana, hezkuntza, osasuna, kirola, komunitatea, komunikabideak, aisialdi- eta jai-espazioak eta eremu birtuala».

Jarduketa-esparrua handitzen du Genero-indarkeriaren aurkako babes integraleko neurriei buruzko 1/2004 Lege Organikoaren eta II. akordioaren aldean. Aintzat hartzen ditu, halaber, bikotekidearen edo bikotekide ohiaren kontrako indarkeria, familia-indarkeria eta eremu horretatik kanpoko sexu-indarkeria. Eta biktimaren figura emakumeei ez ezik, haurrei, nerabeei eta indarkeria horren biktima diren eta bizikide diren mendeko pertsonei ere luzatzen die.

Detekzio goiztiarraren garrantzia adierazten da, tartean dauden arloetako (hezkuntzakoa, poliziala, judiziala, lanekoa, soziala eta, gurea, sanitarioa) profesionalei dei eginez.

Jarduketa Koordinatuko Protokoloa aipatzen du. Hori arlo guztietako profesional guztien artean hedatu behar da prestakuntza-programa espezializatu jarraitu eta nahitaezkoen bidez. Gainera, aintzat hartzen da egindako jarduerari buruzko datuak jasotzea (anonimotasunari eutsiz), horiek analizatu eta ebaluatzeko. Eta akordioa hedatzeko behar diren baliabideak bermatzeko konpromisoa hartzen da.

Horrez gain, akordioaren ez-betetzeak adierazteko bide bat dago, bai eta jarraipen-batzorde bat ere (urtean behin bilduko da, gutxienez).

III. akordio anbiziotsua da, eta helburu ezinbesteko eta beharrezko bat du; izan ere, jakina da gutxi detektatzen dela eta osasungintzako profesionalen artean kudeaketa-zalantzak daudela. Baina protokoloak eta prestakuntza eguneratuz, desberdinkeriaren biktima diren emakume horientzako laguntza profesionala hobetuko dugu, eta haien osasuna hobetuko dugu, arlo biopiskosozial batetik jardunez.

Iturria: Emakunde.

Dokumentua gure «Generoa eta osasuna» espazioan eskura daiteke:
EAE-N EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA MATXISTAREN BIKTIMEI EMATEN ZAIEN ARRETA KOORDINATZEKO ERAKUNDEEN ARTEKO III. AKORDIOA