Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan iaz 2,5 milioi mailegutik gora egin ziren

0
  • Sareak guztira ia milioi bat erabiltzaile ditu eta paperak indartsu jarraitzen du euskarri digitalen aurrean
  • eLiburutegian 126.849 mailegu egin ziran 2022an, ia 6.000 erabiltzaile gehiago batu ziren eta aurten, berritasun gisa, audioliburuak jarri dira eskuragai

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan iaz 2.536.461 mailegu egin ziren: horietatik 2.409.612 maileguak euskarri fisikoan egin ziren, aurreko urtean baino 137.274 gehiago. Are gehiago, liburutegien arteko maileguek ere (hau da, erabiltzaile batek liburu bat bere liburutegian aurkitzen ez badu, beste batetik helarazten zaio) gora egin dute urte batetik bestera eta 2022an 300.664 mailegu egin ziren liburutegien artean (2021ean 280.714 izan ziren). Gaur egun Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak 935.360 erabiltzaile ditu, 2021ean baino 15.211 gehiago.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Liburutegi Zerbitzuak 2004an sortu zuen Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, Euskadiko liburutegi publiko guztiak biltzeko, sinergiak sortzeko eta zerbitzuak hobetzeko. Sarearen partaide da Arabako Foru Aldundia eta, batez ere, udal-titulartasuneko liburutegiek osatzen dute, nahiz eta zerbitzu horretan udalaz kanpoko titulartasuna duten beste batzuk ere sartzen diren (Eusko Jaurlaritzaren Liburutegi Nagusia, Arantzazuko Liburutegia, HABE,…). Gaur egun Euskadiko Irakurketa Publiko Sarea 198 udalerritan kokatutako 297 liburutegik osatzen dute eta 6.819.858 ale biltzen ditu. Honako hauek dira Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean 2022an gehien mailegatu diren liburuak:

  • Gaztelaniaz:
    • El libro negro de las horas (Eva García Saénz de Urturi)
    • La Bestia (Carmen Mola)
    • Violeta (Isabel Allende)
    • De ninguna parte (Julia Navarro)
    • En plena noche ( Mikel Santiago)
  • Euskaraz:
    • Eraikuntzarako materiala (Eider Rodriguez)
    • Aitaren Etxea (Karmele Jaio)
    • Izurdeen aurreko bizitza (Kirmen Uribe)
    • Azken etxea (Arantxa Urretabizkaia)
    • Karena (Alaine Agirre)

eLiburutegia

Euskadiko liburutegi digitalak eLiburutegiak, bestetik, iaz  126.849 mailegu egin zituen, aurreko urtean baino 8623 ale gutxiago, baina 2019ko maileguaren ia bikoitza izan da. Gainera 5.864 erabiltzaile berri erregistratu ziren eta guztira, gaur egun, 58.860 pertsona daude eLiburutegian izenda emanda.

Urtarrilean mailegatu zen liburu gehien, 12.116, eta urteko lehen hilabetea izan zen erabiltzaile berri gehien erregistratu zen hilabetea ere. Honako hauek dira 2022ko datuak:

HILABETEA MAILEGUAK ERABILTZAILE BERRIAK
Urtarrila 12.116 693
Otsaila 9.678 396
Martxoa 10.709 555
Apirila 11.068 455
Maiatza 9.754 356
Ekaina 9.825 322
Uztaila 11.098 350
Abuztua 11.428 323
Iraila 10.292 605
Urria 11.280 691
Azaroa 10.506 591
Abendua 9.065 527
GUZTIRA 126.849 5.864

2022an honako hauek izan ziren eLiburutegian gehien mailegatu ziren liburuak:

  • Gaztelaniaz:
    • El libro negro de las horas (Eva García Saénz de Urturi)
    • La Bestia (Carmen Mola)
    • Sira (María Dueñas)
    • Últimos días en Berlín (Paloma Sanchez Garnica)
    • Lo que la marea esconde (María Oruña)
  • Euskaraz:
    • Miñan (Amets Arzallus eta Ibrahima Balde)
    • Eraikuntzarako materiala (Eider Rodriguez)
    • Izurdeen aurreko bizitza (Kirmen Uribe)
    • Aitaren Etxea (Karmele Jaio)
    • Ezekiel (Jasone Osoro)

Gaur egun 26.217 ale biltzen ditu eLiburutegiak eta 12.600 film eta dokumental inguru ikusteko aukera ere eskaintzen du. 2023. Urtean, gainera, audioliburuak ere eskuragarri daude liburutegi digitalean. 100 bat audio-liburu daude erabiltzaileen eskura, horietatik 18 euskaraz eta pixkanaka-pixkanaka kopurua handitzen joango da.

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 2014. urtean jarri zuen martxan eLiburutegia egilearen eskubideak errespetatuko dituen eduki digitalen kontsumo antolatua eskaintzeko helburuarekin. Liburutegi digital hau erabili ahal izateko, erabiltzaileak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen (EIPS) liburutegi publiko batean alta emanda egon behar du. Era horretan, liburutegi-txartelaren bitartez, pertsona horrek erabiltzaile-izena eta sarbide-pasahitza lortzen ditu.

Informazio gehigarria