Eusko Jaurlaritzak 45.000 euroko dirulaguntza emango dio Bizkarrezur Muineko Lesioa Aztertzeko AESLEME Elkarteari

0
  • Laguntza trafiko-istripuek eragindako lesio itzulezinak prebenitzea helburu duten sentsibilizazio-jarduerak finantzatzeko izango da
  • AESLEME elkarteak Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan dihardu “Gerta dakizuke / Te puede pasar a ti” bide-segurtasuneko programa garatzen

Eusko Jaurlaritzak 45.000 euroko dirulaguntza emango dio AESLEME Bizkarrezur Muineko Lesioa Aztertzeko Elkarteari 2023ko ekitaldirako, bide-segurtasunaren arloan formakuntza, sentsibilizazioa eta ikerketa sustatzeko.

AESLEME irabazi asmorik gabeko erakundea da, erakunde eta organismo publikoen ohiko laguntzailea da, eta trafiko-istripuek eragindako lesio itzulezinen prebentzioan dihardu, bere prebentzio-kanpainen eta kanpaina hezitzaileen bidez.

Dirulaguntza horren bitartez, Jaurlaritzak AESLEMErekin elkarlanean garatzen du Euskadiko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako bide-segurtasuneko “Gerta dakizuke / Te puede pasar a ti” programa. Modu horretara, bizkarrezur-muineko lesioak dituzten pertsonak ekimenera atxikitako ikastetxeetara joaten dira lehenengo pertsonan azaltzeko errepideko arriskuak eta trafiko-istripuek betiko eragin ditzaketen ondorioak.

Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzaren helburua da, hain zuzen ere, jarduera horiek finantzatzea, eta AESLEMEk urteko memorian zehaztu beharko ditu.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritza arduratuko da dirulaguntza kudeatzeaz.