Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Lege-proiektua onartu du

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera. Berak gaur onartu den Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Lege Proiektua aurkeztu du. Lege-proiektu hau Legebiltzarrera bidaliko da dagokion tramitazioa betez legebiltzar-taldeek eztabaidatu dezaten. Bildarratz sailburuak nabarmendu du Hezkuntza Lege Proiektuaren helburu nagusia Euskadiko ikasleei ahalik eta hezkuntzarik onena eskaintzea dela; kalitatezko hezkuntza, integratzailea, aukera-berdintasuna eskaintzen duena, euskalduna, eskola publikoa funtsezko zutabe duena eta berrikuntzaren aldeko apustu sendoa egiten duena. “Egungo erronkei erantzuna emango dien testu berri bat, baina begirada etorkizunean jarria izango duena; gero eta prestatuago eta kohesionatuago dagoen gizarte baterantz aurrera egiteko beharrezko tresnak eskainiko dizkigun testua”, azpimarratu du.

Hezkuntza Lege-proiektuan, zioen azalpenaren ondoren, 101 artikulu jasotzen dira sei titulutan banatuta: Xedapen orokorrak; Hezkuntzarako eskubidea eta elkarbizitza positiboa; Hezkuntza-sistemaren gobernantza; Hizkuntzak euskal hezkuntzan; Berrikuntza, ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza; eta Ikastetxeen autonomia. Titulu hauek Lege-proiektuaren bizkarrezurra jasotzen dute. Eta hor biltzen dira gizarte gisa aurrera egiten jarraitzeko ezarri ditugun erronkak eta ibilbidea.

Bildarratz adierazi duenez, gaur entzute eta eztabaida-prozesu mamitsu bati amaiera ematen zaio, prozesu trinkoa izan da, exijentzia handikoa… baina zalantzarik gabe, zirraragarria. Zentzu honetan, erronka honi Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten eragileen parte-hartzearekin heltzearen garrantzia azpimarratu du, baita gizarte guztiaren parte-hartzeareakin ere, guztion artean Hezkuntza Lege berri baten oinarriak zehazteko, 30 urteren ondoren.  “Aitortuko dizuet, gaurkoa niretzat, sailburu naizen aldetik, eta nire lantalde guztiarentzat, egun berezia dela. Baina ziur naiz prozesu honetan parte hartu duten ehunka pertsonentzat ere egun berezia izango dela”, gaineratu du.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur landutako beste hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Alde batetik, Gobernuak hiru Aldundiekin Zerga Hezkuntzako programa beste bi ikasturtez lanean jarraitzea onartu du gaurkoan. Zupiriak azaldu duenez, Gobernuaren ustetan iniziatiba honek erantzun ona jaso du ikastetxeen partetik: lehen ikasturtean 132 ikastetxek parte hartu zuten, eta ikasturte honetan, 22-23an, hiru lurralde historikoetako 262 ikastetxek egin dute. Eta gero eta ikasle gehiagorengana zabaldu da. “Zergen zentzu soziala ulertuta, uste dugu errazagoa izango dela iruzurraren ondorio kaltegarriak barneratzea, eta espero dugu haien aurkako jarrera naturala izango dela”, gaineratu du.

Bestetik, Kontseiluak onartu du 80.000 € erabiltzea, Gerra Zibiletik gaurdaino Euskadiren memoria demokratikoa berreskuratzekoargitaratu gabeko ez-fikziozko liburuen argitalpena eta dokumentalen errealizazioa diruz lagundu. Laguntza horien urteko deialdi hau GOGORA Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren ebazpenean jasotzen da. Helburua: memoria historikoa berreskuratzearekin eta oraintsuko memoriaren egia argitzearekin zerikusia duten gaiak demokraziaren eta giza eskubideen defentsaren ikuspegitik lantzen dituzten liburuak eta ikus-entzunezko ekoizpenak diruz laguntzea.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailaren eskutik, salgaien eta bidaiarien garraio publikoaren arloan adinagatik lanbidea bertan behera uzten duten garraiolariei zuzendutako 2023rako laguntza-programa onartu da. 2000. urtean sortutako programa da, eta ordutik 63 eta 64 urteko garraiolariei eta ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia aitortuta dutenei zuzenduta dago.  2023an, 450.000 euroko aurrekontua izango du, iaz baino % 12 gehiago.

Osasun sailaren agindu bat ere onartu da gaurkoan aurten ere Hiesaren, C hepatitisaren edo sexu-transmisioaren bidezko infekzioen prebentzioan eta kontrolean jarduerak egiten dituzten gizarte-ekimeneko eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei zuzendutako laguntzak deitzeko. Guztira 300.000 euro. Osasun Sailak erakunde horiek Euskadin gaixotasun hauen bidezko infekzioen eremuan egiten duten lana sustatzen jarraitzen du, kontuan hartuta lan hori ezinbestekoa dela, administrazio publikoek infekzio horien transmisioa prebenitzeko eta dagoeneko birusaren eramaileak diren pertsonen egoera hobetzeko baterako kausan duten ekintza bezala, aintzat hartuta maila sozioekonomikoan kalteberenak diren kolektiboak direla lehentasunezkoak.

Eta amaitzeko, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin zerikusia duten bi aipamen egin ditu sailburuak. Alde batetik, jakinarazi du Gobernuak onartu duela 700.000 eurorekin finantzatzea euskarazko eta gaztelaniazko literatura ekoizpena, baita euskarazko audioliburuak argitaratzea ere. Bestetik, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteek garatuko dituzten proiektu, programa ikerketa edo jarduerak laguntzeko 280.000 euroko diru partida bat onartu da ere gaurkoan.