Osasun-arreta eta lan-baldintzak dira osasunari gehien eragiten dioten faktoreak, euskal herritarren iritziz

0

Prospekzio Soziologikoen Kabineteak eta Osalanek egindako inkestaren arabera, hobetu egin da EAEko enpresen osasun- eta segurtasun-araudiaren betetze-mailari buruzko iritzia, 2008. urtearekin alderatuz.

10etik 9k uste du istripu bat edo osasun-arazo bat izateko probabilitatea hobeto prebenitu behar dela. % 40k uste du istripuak gertatzeko arrazoia enpresarien interesik eza dela.

Nabarmentzekoa da Osalanen ezagutza handitu egin dela eta haren lanari buruz egiten den balorazioa oso positiboa dela.

Zer da laneko osasuna eta segurtasuna?

% 42k arriskuen prebentzioarekin, norbera babesteko ekipamenduekin, zaintzarekin eta segurtasun-protokoloekin lotzen du, eta % 29k lan-baldintza onekin eta ingurune seguruarekin.
Euskal herritar gehienek uste dute eskura daitekeen osasun-arreta (% 63) eta lan-baldintzak (% 53) direla osasunean eragin handiena izan dezaketen faktoreak. Horren atzetik beste gai batzuk daude, hala nola egoera ekonomikoa, etxebizitzaren baldintzak, etxeko lanetarako dedikazioa edo bizitegi-auzoa.

Arrisku-maila, prebentzioa eta erantzukizuna

Arriskuen pertzepzioa da lan-istripuak murrizteko ebaluatu beharreko faktore nagusietako bat. Ehuneko handi batek, % 48k, uste du arrisku txikia duela, eta % 34k, gutxi; % 9k, berriz, arrisku handia sumatzen du, eta % 8k, ezer ez.
10etik 9k uste du istripuak edo osasun-arazoak hobeto prebenitu behar direla. Erantzukizunari dagokionez, 10etik 4k arrazoi nagusia enpresaburuen interesik eza dela uste du; % 25ek, berriz, langileen zuhurtziagabekeriari egozten diote, eta beste % 25ek Administrazioaren kontrolik ezari. Lantokietan osasuna eta segurtasuna kontrolatzeko ardura nork izan behar duen galdetuta, % 54ren iritziz enpresaburuek izan behar dute, ondoren administrazio publikoek ( % 42), langileek ( % 40) enpresa-erakundeek ( % 39) eta, azkenik, sindikatuek ( % 26).

Laneko segurtasun eta osasunari buruzko araudia

Aipatu behar da nabarmen handitu dela araudiari buruzko ezagutza 2008tik. Data horretan, inkestatutako pertsonen % 43k adierazi zuen ez zekiela, eta orain, aldiz, zifra hori % 24raino jaitsi da. Araudiaren betetze-mailari buruzko iritzia zertxobait hobetu da 2008koaren aldean, 2008ko 3,0tik 3,2ra igaro baita 1etik 5erako eskalan.

Osalani buruzko ezagutza eta iritzia

Bestalde, aldi honetan nabarmen handitu da Osalanen ezagutza ere. 2008an, inkestatutako pertsonen % 41ek adierazi zuen ez zuela haren berri, eta aurten, berriz, % 25ek. Hala ere, ezjakintasunak gora egiten du emakumeen (% 30), gazteen (% 38) eta elkarrizketatutako atzerritarren (% 67) kasuan.
Osalan ezagutzen duten biztanleen artean, % 86k badaki prebentziorako aholkularitza-lanak egiten dituela, baina azpimarratu behar da % 70 inguruk oker uste duela Osalanek ikuskapen- eta zehapen-lanak egiten dituela, eta gizonen % 41ek eta emakumeen % 55ek azterketa medikoak egiten dituela.
Erakundeak egiten duen lanari buruzko iritziari dagokionez, % 22k oso edo nahiko aldekoa du, eta gizonen kopurua handiagoa da (% 29) emakumeena baino (% 17).