Donostiako Udalak onarpena eman dio Lorategi Hirian etxebizitzak eraikitzen hasteari

0

Donostiako Udalak onartu du Britac Proyectos SL sozietateari lizentzia ematea Lorategi Hirian 70 etxebizitza, garaje, trasteleku eta erabilera tertzarioa eraikitzeko, gehienez ere 2 urteko epean. Aurreikuspenen arabera, gainera, datozen asteetan onartuko dira hurrengo eraikuntzetarako lizentziak.

Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, “izapide honekin Loiolako eremu horren berroneratzeari bultzada emango diogu, hirigune berri bat sortzeko eta Urumearen inguruneari balioa ematen jarraitzeko”.

Lorategi Hiria 66.896 m²-ko eremua da, eta guztira 264 etxebizitza berri eraikiko dira (% 40 babestuak). 6.000 m² erabilera tertziariorako, ekipamenduetarako, kirol kantxetarako eta aparkaleku baterako erabiliko dira. Gainera, azaleraren % 42 berdeguneetarako izango da. Bide berriak ere sortuko dira, gunea ingurunearekin lotzen laguntzeko.

TAO Loiola eta Melodi

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du aparkaleku arautuaren Ordenantzaren bosgarren aldaketaren ondorioz zerbitzua emateko esparrura egokitzeko kontratuaren lehenengo aldaketa, bai eta urteko esleipen prezioaren gaineko % 2,14ko igoera ere.

Ordenantzaren aldaketaren ondorioz, aparkatzeko eremu arautua Loiolara eta Melodira zabaldu da, eta, beraz, indarrean dagoen kontratua aldatu behar da, esleipendunak eremu zabalduei ere zerbitzua eman diezaien.