Maiatzaren amaieran Pulbimetalurgiako Biltzar Nazionala ospatuko da Donostian

0

Pulbimetalurgiako 8. Kongresu Nazionala (III. Iberoamerikar Kongresua) CEIPM2023 Gipuzkoako Parke Teknologiko eta Zientifikoan egingo da, Donostian, maiatzaren 29, 30 eta 31n, jarduera eta hitzaldi-agenda zabal batekin. Ekimena Ceit eta Tecnalia teknologia eta ikerketa zentroek antolatu dute.  

Hiru egunez, “mundu akademikoaren eta industriaren arteko ideiak eta esperientziak biltzeko eztabaida-foro tekniko eta zientifiko bat izango da biltzarra, euskal zentro teknologikoetako arduradunek adierazi dutenez. Bertan, “pulbimetalurgiaren arloko merkatuaren azken berrikuntzak eta joerak ezagutu ahal izango dira”, aurreratu dutenez.  

Pulbimetalurgia (edo sinterizazioa, beste izenez) ekoizpen-prozesu bat da, hauts metalikoen trinkotzean eta sinterizazioan oinarritzen dena, kalitate handiko piezak forma konplexuekin, et eta doitasun handiarekin modu  merkean ekoizteko: engranajeak, motorraren osagaiak, inplante medikoak, ebaketa-erremintak eta egiturazko piezak, besteak beste.  

Abantaila horiek direla eta, pulbimetalurgia funtsezko fabrikazio-teknika bihurtu da hainbat industriatan, besteak beste, automobilgintzan, aeroespazial-sektorean, biomedikuntzan, elektronikan eta energetika-sektorean.  

Hitzaldiak, saio teknikoak eta networkinga  

Ekitaldian pulbimetalurgiako aditu nabarmenek hartuko dute parte, eta hitzaldiak emango dituzte eta beren ikerketa-lanak aurkeztuko dituzte hauts metalikoen fabrikazioaren, trinkotzearen eta sinterizazioaren arloan. Gainera, saio teknikoak eta networking-saioak egingo dira, parte hartzen duenak ezagutzak trukatzeko eta mundu osoko lankideekin harremanak izateko aukera izan dezan.  

Biltzarrean egongo diren adituek “materialen zientziaren oinarrizko alderdiak, fabrikazio-teknologien azken lorpenak, industria-aplikazioak eta ekonomia zirkularrean duten integrazioa ezagutzeko aukera izango dute”, adierazi dutenez.  

Kongresuak jarduera-programa betea du: hitzaldiak, nazioartean ezagunak diren Aubert & Duval, Trentoko Unibertsitatea, Stadler edo Addimat bezalako erakundeetako adituen eskutik; 15 saio tematiko eta mahai-inguru; 70 hizlari inguru, gai garrantzitsuei buruzko beren ikerketak azaltzeko: hautsaren fabrikazioa, fabrikazio gehigarria, hauts metalikoa prozesatzeko beste teknika batzuk, material arinak, material funtzionalak, material gogor eta ultra gogorrak, metalezko hauts estrukturaleko piezak, karakterizazio-teknikak, modelizazioa, aplikazioak, etab.  

Kongresurako  izen-emateak web orriaren bidez egin daitezke.  

SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako I+Grako laguntza programak kontsulta itzazu.