Osakidetzak lehen OTA jarri du osasun-zentro batean

0
PRUEBA

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak, gaur goizean, Buenavistako osasun-zentroan (Portugalete) jarri duten OTA bisitatu du, Osakidetzako Ezkerraldea Enkarterri Gurutzetako ESIan, Goi Teknologiako Ekipamenduetan Inbertitzeko Planaren esparruan. Mari Luz Marqués EEG ESIko zuzendari kudeatzailearekin batera, Rosa Ana San Emeterio Buenavistako osasun-zentroko LMAUB eta Olesea Cuzimin Erizaintzako arduraduna izan dira; haiekin batera, instalazioa bisitatu du, eta, bertan, Estepan Gainza Ezkerraldea Enkarterri Gurutzetako ESIko Erradiodiagnostikoko Zerbitzuko buruak egin die harrera. Bisitan, Rosa Pérez Osakidetzako zuzendari nagusiak ere parte hartu du.

Buenavistako osasun-zentroko (Portugalete) OTA Osakidetzako osasun-zentro batean jarri den lehena izan da, eta, OTA horri esker, Ezkerraldea Enkarterri Gurutzetako ESIak Lehen Mailako Arretan proba diagnostikoak egiteko gaitasuna areagotuko da. Hura erosteak eta abian jartzeak 665.300 €-ko inbertsioa ekarri du.

OTA berri horren bidez, Osakidetzako Ezkerraldea Enkarterri Gurutzetako ESIaren Erradiodiagnostikoko Zerbitzuak ekipamendu teknologikoaren zati bat berritu du; bi OTA berri, 3 mamografo, 1 teleagindu eta erradiologia digitaleko 1 ekipamendu sartu ditu. Ekipamendu berriak Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean eta Buenavistako eta Errepelegako osasun-zentroetan (Portugalete) daude. Ekipamendu guztiak dira azken belaunaldiko teknologiakoak, eta 4.250.000€ inguruko inbertsioa ekarri dute.

Berriztapena Osakidetza osoan

Osakidetza datozen hilotan Euskadiko unibertsitate-ospitale guztietan goi-teknologiako beste 8 OTA berritzeko proiektu batean dago murgilduta. Ekipamendu horiei esker, detekziorako eta diagnostikorako irudiaren kalitatea hobea da, eta, aldi berean, murriztu egiten da pertsonak jasotzen duen erradiazioa. Gainera, aukera ematen dute gardentasun handiko irudiak hartzeko, eta horrek hobekuntza ekarriko du zenbait gaixotasunen detekzioan, diagnostikoan eta maneiuan.

Espektro-irudi mota horrek eta prozesatu ondoko aplikazio aurreratuek beste abantaila asko ere badakartzate. Garrantzitsuena –pazientearen beraren segurtasuna hobetzen laguntzen dutelako–, besteak beste, dosi erradiologikoaren murrizketa da, bai eta pazienteari eman beharreko kontraste kopuruaren murrizketa ere.

Ekipamendu horien berriztatzea Osakidetzaren Plan Onkologikoan irudi bidezko eta tratamendurako diagnostiko-ekipamenduak berritu eta eguneratzeko etengabeko prozesu batean sartzen da.

Zer da OTA bat?

Ordenagailu bidezko tomografia, OT edo OTA bidezko miaketa izenez ezagutzen dena, irudi bidez diagnostikatzeko azterketa mediko bat da. Ohiko X izpiek bezala, gorputzaren barruko irudi edo argazki ugari sortzen ditu. OTAk plano ugaritan birformatea daitezkeen irudiak sortzen ditu. Biriketan, bihotzean eta hodietan, gibelean, barean, giltzurrunetan, hestean edo beste barneko organo batzuetan, trauma-kasuetan, lesio-mota batzuk identifikatzeko erabiltzen da.