Osakidetzak OTA berri bat instalatu du Portugaleten

0

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak Buenavistako Osasun Zentroan (Portugalete) instalatu duten OTA berria bisitatu du. Horrez gain, datozen hilabeteetan, teknologia handiko beste 8 OTA jarriko dira Euskadiko unibertsitate-ospitale guztietan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 665.300 euroko inbertsioa egin du azken belaunaldiko ekipamendu teknologiko horretan, pazientearekiko hurbiltasuna lehenesten duen baliabide berria

Orain, Osakidetzako Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak lehen mailako arretan proba diagnostikoak egiteko gaitasun handiagoa du.

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak Osakidetzako Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Buenavistako Osasun Zentroan (Portugalete), Teknologia Handiko Ekipamenduetan Inbertitzeko Planaren esparruan, instalatu duten OTA berria bisitatu du gaur goizean. Ekipamendu berriari esker, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak lehen mailako arretan proba diagnostikoak egiteko gaitasun handiagoa izango du hemendik aurrera. Beraz, halako zerbitzuak behar dituztenek ez dute zertan ospitalera joan. Hura erosteko eta martxan jartzeko 665.300 euroko inbertsioa egin da.

OTA honekin, Osakidetzaren Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Erradiodiagnostikoko Zerbitzuak bere ekipamendu teknologikoa berritu du; hots, orain, 2 OTA, 3 mamografo, 1 teleaginte eta 1 erradiologia digitaletako ekipamendu berri ditu. Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean eta Portugaleteko Buenabistako eta Errepelegako osasun-zentroetan daude ekipamendu berriak. Ekipamendu guztiak azken belaunaldiko teknologiakoak dira, eta 4.250.000 euro inguruko inbertsioa egin da.

Osakidetza goitik behera berritzea

Osakidetza proiektu batean murgilduta dago, eta datozen hilabeteetan teknologia handiko beste 8 OTA berrituko ditu Euskadiko unibertsitate-ospitale guztietan. Ekipamendu horiek detekzio eta diagnostikorako irudi-kalitate hobea dute. Gainera, horiei esker, pertsonek erradiazio gutxiago jasoko dute. Gardentasun handiko irudiak lortuko dira eta, horren ondorioz, gaixotasunen detekzioa, diagnostikoa eta kudeaketa hobetuko dira.

Mota horretako irudi espektralek eta prozesatu osteko aplikazio aurreratuek beste abantaila asko eskaintzen dituzte. Garrantzitsuenen artean hauek daude, pazientearen segurtasuna hobetzen laguntzen dute eta: dosi erradiologikoa murriztea eta pazienteari eman behar zaien kontrastearen kopurua murriztea.

Irudi bidezko diagnostikoko eta tratamenduko ekipamenduak berritzeko eta eguneratzeko etengabeko prozesu batean gaude (Osakidetzaren Plan Onkologikoan jasota dago) eta, hori horrela, ekipamendu hori berritu da.

Zer da OTA bat?

Ordenagailu bidezko tomografia (OT bidezko miaketa edo OTA izenez ezagunagoa) irudi bidezko diagnostikoko azterketa mediko bat da. X izpi tradizionalek bezala, gorputzaren barruko irudi edo argazki ugari sortzen ditu. OTAk hainbat planotan birformateatu daitezkeen irudiak sortzen ditu. Biriketako, bihotzeko eta hodietako, gibeleko, bareko, giltzurrunetako, hesteetako eta beste barne-organo batzuetako lesio mota desberdinak identifikatzeko erabiltzen da, trauma baldin badago.