2022an, 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 15,0ra jaitsi da

0

Okupazio-tasa % 42,3ra iritsi da, 2011tik baliorik altuena

Maiatzaren 1a dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak zenbait datu eman nahi ditu 16 eta 29 urte bitarteko gazteen okupazio- eta langabezia-tasen eta biztanleria osoaren artean dauden aldeei buruz. Horretarako, EUSTAT Euskal Estatistika Erakundeak emandako datuetan oinarritzen da, Biztanleria Jardueraren Arabera Sailkatzeko Inkestan (BJA) oinarrituta.

Okupazio-tasak landunen ehunekoa adierazten du, hau da, lanean daudenena, adin-tarte bereko pertsona guztiekiko. 2022an, gazteen okupazio-tasa %42,3koa izan da Euskadin, eta 1,9 puntu igo da aurreko urtearen aldean.

Gazteen okupazio-tasa 16 urte eta gehiagoko biztanleen kopuruarekin alderatzen badugu, 2022ko aldea estutu egin dela ikus dezakegu, gazteen okupazio-tasak gora egin duelako.

Okupazioa handiagoa da gizon gazteen artean (%45,3) emakume gazteen artean baino (% 39,1).

Langabezia-tasak zera adierazten du: enplegurik ez duten baina lanerako prest dauden eta lan bila ari diren pertsona aktiboen (hau da, lan egiteko prest daudenen) ehunekoa.

2022an, 16 eta 29 urte bitarteko pertsonen langabezia-tasa 2010etik izandako baliorik txikienera jaitsi da.

16 urte eta gehiagoko biztanleriaren langabezia-tasarekin alderatuta, gazteen langabezia-tasa biztanleria osoarena baino handiagoa da beti. Alderik handiena 2013an erregistratu zen, eta 2020ko gorakadaren ondoren, 2022ko 6,5 puntura jaitsi da.

Krisi ekonomikoaren garaian, alde hori areagotu egiten da, eta gazteak dira lana gehien galtzen dutenak. Hala, 2013an eta 2020an, 16-29 urteko gazteen langabeziak bikoiztu egin zuen Euskadiko biztanleria osoarena.

Euskadiko gazteen enpleguari buruzko datuak Gazteen Euskal Behatokiaren estatistiketan kontsulta daitezke, Enpleguaren eta Egoera Ekonomikoaren atalean hain zuzen ere.