AGINDUA, 2023ko apirilaren 19koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen eta iragartzen baitira 2023ko ekitaldian jarduera fisikoaren arloko orientazio-zerbitzuak sortzeko eta mantentzeko dirulaguntzak, Europar Batasunaren Next Generation EU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, agindu honen bidez, dirulaguntzen lerro bat ezartzen du jarduera fisikoaren arloko orientazio-zerbitzuak sortu eta garatzen laguntzeko. Jarduera fisikorik ezak eta sedentarismoak arazo asko eragiten dituzte gizartean, jarduera fisikoaren bidez konpon daitezkeenak, eta deialdi honek horri erantzuten dio.
Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateetan eta haiei atxikitako entitateetan 2023ko ekitaldian jarduera fisikoaren arloko orientazio-zerbitzuak sortzeko eta mantentzeko finantzaketarako oinarriak ezartzea eta dirulaguntzen deialdia egitea.
Dirulaguntza hauetarako, 341.600,56 euro jarriko dira guztira, eta zenbateko guztia 2023. urteari dagokio.
Laguntza hauen xede diren proiektuek jarduera fisikoaren arloko orientazio-zerbitzuak sortzeko eta mantentzeko izan behar dute. Zerbitzu horiek, gainera, baldintza hauek bete behar dituzte:
- Jarduera fisikoaren arloko orientazio-zerbitzuak deribazioak jaso behar ditu osasun-zentrotik, Osabide Global plataforma informatikoaren bidez.
- Orientazio-zerbitzuaz arduratzen diren langile teknikariak jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietan graduatuak izan beharko dira, bi hauetan xedatutakoaren arabera: 8/2022 Legearen (ekainaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzkoa) 8. artikuluko 7. apartatua, batetik, eta Kirol Kontseilu Goreneko presidentearen 2022ko uztailaren 4ko Ebazpena (zeinaren bidez argitara ematen baita Kirolaren Konferentzia Sektorialaren 2022ko maiatzaren 9ko erabakia, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren lurralde-banaketari eta banaketa-irizpideei buruzkoa), bestetik. Gainera, jarduera fisikoko orientatzaileentzat Kirolaren Euskal Eskolak emandako prestakuntza izan behar dute.
Orientazio-zerbitzuek sortuta egon beharko dute agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean, eta funtzionatzen jarraitu behar dute eskaera egiten den egunean.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.