UPV/EHUk harremanak estutu ditu Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitatearekin

0
UPV/EHUko errektore Eva Ferreira eta UPPAko presidente Laurent Bordes hitzarmena sinatzen | Argazkia: Isabel Eguiluz Uribe. UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitateak (UPPA) beren lankidetza hitzarmena berritu dute. Horren xedea da elkarlanean bideratutako ikasketa programak, irakaskuntzaren arloko truke eta lankidetza programak, ikasleen prestakuntza programak eta ikerketa programak garatzea. Hitzarmena UPV/EHUko errektore Eva Ferreirak eta UPPAko presidente Laurent Bordesek sinatu dute.

Bi unibertsitateen arteko lankidetza hori ondokoen bitartez gauzatzen da gehienbat: irakasleen eta ikasleen trukea, baterako ikasketa programak eta proiektuak eta titulazio bikoitzak, bi erakundetako liburutegien arteko trukeak, ikerketa programa komunak, iraupen laburreko bisitak eta irakaskuntza birtualerako sarbidea, besteak beste.

Hitzarmena bi erakundeek azken urteotan mantendu duten lankidetza estuaren emaitza da (ikasleen eta irakasleen mugikortasunari, irakaskuntzari, ikerketa eta doktorego prestakuntzari dagokienean). Urte horietan zehar, 22 Erasmus+ hitzarmen sinatu dira guztira mugikortasunari dagokionean, 16 arlotan, eta ikasleei eskaini zaizkien 115 mugikortasun plazak horien isla dira. Irakaskuntzari dagokionean, bestalde, 5 nazioarteko titulazio bikoitza eskaintzen dira egun (Graduko 4 eta Master Erasmus Mundus 1).

Doktorego prestakuntzaren arloan gauzaturiko lankidetzari dagokionean, bestalde, nabarmentzekoa da tesia batera gidatzeko 35 hitzarmen sinatu direla 2017-2018 ikasturtetik aurrera eta 3 gidatutako tesi defendatu dira. Egun, 26 dira garapen fasean dauden batera gidatutako tesiak.

Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak nabarmendu du bi unibertsitateek lankidetza sendoa garatu dutela azken urteotan. Era berean, azpimarratu duenez, “gaur egiten duguna, batez ere, bide luze baten jarraipena berrestea da. Euskal Herriko Unibertsitateak eta Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitateak harreman luze bezain bizia dute prestakuntzan eta ikerketan. Baina horri are lotura garrantzitsuagoa gehitu behar zaio: lotura historiko eta kulturala, lankidetza modu berriekin berretsi nahi duguna. Hori da gaur sinatzen dugun hitzarmenaren helburua.»

Laurent Bordes Pau et des Pays de l Adour Unibertsitateko presidenteak, bere aldetik, azpimarratu du “gure unibertsitate gaztea harro dagoela mugaz gaindiko lankidetzan izan duen esperientzia luze eta aberatsaz. 1990ean hasita, UPV/EHUrekiko lankidetzak elkarrekin haztea ahalbidetu digu, hezkuntzan, ikerketan eta berrikuntzan ditugun gaitasunak partekatuz eta garatuz. Lankidetza horren esparruan, gure unibertsitateek ikasleen eta langileen mugikortasuna sustatu dute, bai eta graduko eta masterreko titulazio bikoitzak sortzea ere. 2011z geroztik, baterako tutoretza-deialdi bati esker, lankidetza zientifikoa sustatu eta indartu da, argitalpenei eta ikerketa-proiektuei dagokienez. Dinamika bateratu horren eraginaren froga da 2023an UPV/EHUk betetzen duen plaza, artikulu zientifikoen koprodukzioan gure nazioarteko lehen bazkide gisa. Gaur egun, UPPAk eta UPV/EHUk lankidetza akademiko estu hori sendotzeko eta iraunarazteko asmoa dutela adierazi dute, Bilbon unibertsitateen arteko lankidetza-hitzarmena sinatuz.”