Bizikidetzako eta gizarte-topaketako proiektuak sustatzeko Elkarrekin Bonuen programaren deialdi berria

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak 500.000 euroko laguntza onetsi du tokiko, hezkuntzako eta herritarren partaidetzako eremuetako bizikidetza sustatzeko

Gobernu Kontseiluak, gaur, bizikidetzako eta gizarte-topaketako kultura sustatzeko Elkarrekin Bonuen programarako aurtengo deialdia onetsi du. Deialdiak 500.000 euroko aurrekontua du, hiru eremutan banatuta: tokiko bizikidetza (150.000 euro), hezkuntzakoa (250.000 euro) eta herritarren partaidetzakoa (100.000 euro).

Laguntza horiek Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Arloak kudeatzen ditu, eta, haien bidez, irabazi-asmorik gabeko entitateen eta udal-erakundeen arteko baterako proiektuak finantzatuko dira.

Deialdi berriaren helburua da gizarte-eragileen arteko elkarlana sustatzen jarraitzea, gizartearen eremu guztietan bizikidetzako eta giza eskubideekiko errespetuko kultura bultzatzeko.

Dirulaguntzak ekarpen ekonomikoak izango dira honako arlo hauetan justifikatutako prestakuntza- edo dinamizazio-zerbitzuen ordu bakoitzeko: bakea, giza eskubideak, biktimekiko elkartasuna, adiskidetzea eta gatazken ebazpena.

Elkarrekin Bonuen programa 2014an abiarazi zen, bakea, giza eskubideak, indarkeriarik eza eta printzipio demokratikoak sustatzeko ekimen gehigarri gisa. Programaren xedea da irabazi-asmorik gabeko entitate bat eta ikastetxe, udal edo herritarren partaidetzaren eremuko erakunde bat murgilarazten duten proiektuak bultzatu eta finantzatzea eta, horretarako, Jaurlaritzak sustatzen duen eta EAEko eskola-elkartearekin sinatu den Gizalegez gizarte- eta hezkuntza-konpromisoa oinarri hartzea. Udalak izango dira laguntzen hartzaile tokiko bizikidetzaren eremuan, eta ikastetxeak, hezkuntza-eremuan.

Bestalde, herritarren partaidetzaren eremuan, bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen inguruko proiektuan lan egiten duten irabazi-asmorik gabeko elkarte, erakunde eta mugimenduak izango dira laguntza horien onuradun.

Interesa duten entitateek izapide guztiak egoitza elektronikoaren bidez eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, 2023ko urriaren 1era arte (barne), betiere funtsak data hori baino lehen agortu ez badira.