Espainiako enpresa-baratzerik handiena Bilboko Portuan dago

0

BilbaoTruck enpresa bizkaitarrak, Vulcanizados Retuerto izenez ezagutzen denak, 3.000 m2-ra arteko birika berdea sortu du (futbol-zelai baten erdia, gutxi gorabehera) Bilboko Portuaren bihotzean, ingurune erabat industrialean eta ia berdegunerik gabean. “Jakin ahal izan dugunaren arabera, enpresa-zentro bateko Espainiako baratzerik handiena da”, adierazi du David Fernández BilbaoTruckeko gerenteak.  

Pentsa liteke enpresa honen jarduerak nolabaiteko lotura duela lorezaintzarekin, baina ez da kasua. Izan ere, enpresak 30 urte baino gehiago daramatza kamioien atoiak, erdi-atoiak, zisternak eta bainuontziak konpontzen. Hare gehiago, sektoreko tailerrik handiena da Espainiako iparraldean. 

“Dena 2019an hasi zen, kasualitatez”, azaldu du Fernándezek. “Urte horretan, aitak, tailerreko bi langilerekin batera, enpresaren inguruko lursail batean baratze txiki bat sortzea erabaki zuen. Bertan, ia ez zegoen berdegunerik, panpako luma-lumaren izurritea izan ezik, espezie inbaditzailea, bertako landareak suntsitzen dituena eta arnasketa-arazoak dituztenentzat arriskutsua. Urtebete geroago, 2020an, baratze txiki hori hazi egin zen, eta dagoeneko 360 m2 hartzen zituen; 2021ean, 670 m2; eta 2022an, 3.000 m2. Horrela, izurrite osoa desagerrarazi da inguruetan, eta grisaren artean espazio berde bat sortu da”. 

Gaur egun 250 fruta-arbola baino gehiago ditu, eta 50 barazki mota, horien artean, tomateak, Bruselako azak, limoiak, piperrak eta abar. Fernándezen arabera, “irabazi asmorik gabeko erakundeei banatuko dizkiegun fruta, barazki eta barazki tonak biltzea espero dugu. Bezeroentzako opari-txartelak egiteko ere erabiliko ditugu, edo langileentzako aperitibo osasungarriak egiteko, besteak beste”.  

Ekimenak hainbesteko garrantzia hartu duenez, enpresak lorezain bat kontratatzea erabaki du, zainketetan parte har dezan. Baina ez hori bakarrik, CEPYME 2022 saria ere eskuratu du Jasangarritasun eta Eraginkortasun Energetikoaren kategorian.  

Iraunkortasunarekiko konpromisoa

Proiektu horri energia-eraginkortasunaren arloko beste ekimen asko gehitu behar zaizkio, eta horiek ere lagundu dute Enpresa Txiki eta Ertainen Espainiako Konfederazioak (CEPYME) urtero ematen duen sari hori lortzen. 

Horietako bat 165 eguzki-plaka jartzea da. Horiek enpresaren energia-premia guztiak estaltzen dituzte, eta, gainera, merkatuan saltzeko energia berdearen % 6,5eko soberakina sortzen dute. “Plaka horiek paratxoke handia ekarri dute azken aldiko prezioen igoeraren aurrean”, Fernandezen esanetan.  

2022ko erdialdetik, Bizkaiko Foru Aldundiarekin ere lankidetzan dihardu berrikuntza-proiektu batean. Proiektu horri esker, nitrogeno propioa sortzen du % 99ko purutasunean zerbitzu diferentzial hori egiteko, eta kostuak nabarmen aurrezten ditu, bai erakundearentzat, bai bezeroentzat. “Gas garbiak dira eta ingurumena erabat errespetatzen dute”, azpimarratu du gerenteak. 

Era berean, guztira 135.000 litroko edukiera duten hiru erregai-zisterna birziklatu dituzte, 2022an 2 milioi litro inguru bildu dituzten ur-andel erraldoi bihurtzeko. Horiek baratzea ureztatzeko eta lantegian proba hidraulikoak egiteko erabiltzen dira.  

Eta, azkenik, urtaro desberdinetako karpak eta loreak hartuko dituen urmael bat du, ekosistemarentzat onuragarriak diren intsektuak erakartzea lortuz, izurriteak saihesten lagunduko dutenak.  

SPRI Taldea RIS 3 Euskadi estrategia abian jartzen duen eragileetako bat da, energiaren, fabrikazio aurreratuaren, bio-osasunaren eta nanozientziaren arloetan espezializazio adimenduna bultzatzeko.