EUSKADIKO ZIKLOTURISMOAREN NAZIOARTEKO II. FOROA MAIATZAREN 4AN GASTEIZEN

0
PRUEBA
Lehen mailako profesionalek gorabidean dagoen sektore honetako produktuak egituratzeko, sustatzeko eta komunikatzeko joerak ezagutaraziko dituzte.
Zikloturismoan mundu osoan erreferentzia den helmuga, Belgikako Flandes eskualdea, izango da jardunaldi honetako gonbidatua. Bertan, zikloturismoak duen inpaktua aztertuko dute Frantziako Tourreko Grand Départ lasterketa hurbil denean.

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak sustatuta, eta Basquetour erakundeak antolatuta, Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiko Turismo Sailaren lankidetzarekin, datorren maiatzaren 4an Euskadiko Zikloturismoaren Nazioarteko II. Foroa garatuko da Gasteizen.

Euskadik zikloturismoaren alde egindako apustuaren barruan, eta Tour de Franceko Grand Départ eta hiru euskal etapak gertu-gertu daudela, jardunaldi hau bi gai-multzotan banatuta egongo da. Bi multzo horietan zikloturismoak ekonomian eta gizartean duen eragina aztertuko da, batetik, eta teknologiak, kirol-ekitaldiek eta hedabideek txirrindularitza sustatzeko eskaintzen dituzten aukerak, bestetik.Elkarraldia Arabako hiriburuko Artium Museoan izango da, 9:30etik 14:30era, eta Laura Meseguer Eurosporteko kazetariak eta Joseba Beloki txirrindulari profesional ohiak aurkeztuko dute.

Flandes, helmuga gonbidatua

Belgikako Flandes eskualdea mundu osoan erreferentzia den helmuga da zikloturismoan. Hala,Zikloturismoaren II. Fororako gonbidaturik onena da bildua duen esperientziagatik. Sektore honetan duen beteranotasuna eta Munduko Errepideko Txirrindularitza Txapelketa edo Frantziako Tourra bezalako ekitaldi handietan izandako esperientziak izango dira, besteak beste, hilaren 4an Gasteizera hurbilduko diren helmuga horretako lau ordezkarien hitzaldien ardatz nagusiak.

Hitzaldiak eta mahai-inguruak

Foro hau agertoki ezin hobea izango da Euskadik zikloturismoaren alde egiten duen apustuan sakontzeko, lurraldea ibilbideen bidez egituratzeko eta turismo-jarduerak sortzen duen aberastasuna helmuga osoan banatzeko modua baita. Izan ere,horrek Euskadi Basque Country marka indartzen lagunduko du, helmuga turistiko anitz eta jasangarri gisa. Foroari hasiera emateko, hurbilketa labur bat egingo da, Basquetourretik zikloturismoari turismoaren ikuspegitik heltzeko zabaltzen ari den ibilbide-orria ezagutzeko. Zikloturismoaren estrategia hau ibilbide luze baten emaitza da, Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziaren bitartez, sektorearekin eta inplikatutako eragileekin batera.Azpiegitura onak ditu oinarri, 180 kilometro baino gehiago zazpi bide berdetan banatuta; eta sortu berri den Erromanikoaren Ibilbidea; bi BTT zentro; ibilbide handiak, besteak beste Arabako Lautadako Ibilbide Handia edo The Basque Route, eta baita Ignaziotar Bidea eta Santiago Bidea ere. Euskadin dagoen zikloturismo-eskaintza guztia 2023ko apirilean eguneratu berri den “Euskadi bizikletaz” gidaliburuan jasota dago.

Beren esperientziak partekatuko dituzten lehen mailako hizlarien artean izango dira Mikel Gurutzeaga Zubillaga, Grand Départ 2023 Pays Basque-ko koordinatzailea, eta Jaume Marín,marketin turistikoan aditua.

Aurreikusitako hiru mahai-inguruetako lehenengoan Virginia Berasategui izango da, distantzia luzeko triatloiko Europako eta munduko txapelduna, orain Bizi Cycle Tours-eko burua ꟷbi gurpilen gainean esperientzia ahaztezinak eskaintzea helburu duen agentzia. Bertan izango dira ere, besteak beste, Silvia Brinati (Trek Travel), Xisco Lliteras (Mallorca 312) eta Aitor Jiménez (Octagon Esedos).

Bigarrenean, teknologia protagonista dela, eta Agnes Güell Extrem Teameko proiektu zuzendariak moderatuta, hauek bilduko dira: Laura Font, Lymbusekoa kirol ekitaldien komunikazio eta antolakuntza agentzia, Jan Van de Meerssche Flandrien Challengekoa eta Enric Serra Vallter 2000ko zuzendaria.

Jardunaldiari amaiera emateko, Nerea Sáenz de la Fuente kazetariak moderatutako hitzaldi bat emango da, eta bertan aztertuko da nola bihurtzen diren elkarren osagarri prentsa espezializatua, profesionalak eta ‘influencer’-ak helmuga zikloturistak sustatzeko. Hitzaldian ondokoek parte hartuko dute: Olga Ábalos, ‘Volata’ aldizkariko zuzendaria; Ibai Fradejas, gravel abenturazalea etaUNLOCK Studios-eko CEO; Ana Zamorano, dokumentalista eta bidaiaria; María Ángeles Misol, Visit Flandersekoa, eta Joseba Beloki, txirrindulari profesional ohia, 2000, 2001 eta 2002 urteetan Frantziako itzuliaren podiuma izan zena hiru urtez jarraian.

Erakusketa bat Gasteizko Merkatuan

Euskadiko Nazioarteko Zikloturismoaren II. Foroa kalera aterako da, zehazki, Merkatuaren aurreko zabalgunera, datorren maiatzaren 1etik hilaren 12ra arte bisitatu ahal izango den argazki-erakusketabatekin.