Hipodromoaren kudeaketaren esleipena onartu da

0

Udalak Hipódromos y Apuestas Hipicas Euskadi SA enpresari Donostiako Hipodromoa pribatiboki erabiltzeko administrazio emakida esleitzea onartu du.

Eneko Goia alkateak nabarmendu du albiste bikaina dela Donostiarentzat, “eta gure hirian oso maitatua den kirol baten zaleentzat”. Goiak gaineratu du emakida hori “instalazioek lasterketak ondo garatzeko behar dituzten hobekuntzak martxan jartzeko pausoa” ere badela.

Emakidaren iraupena 3 urtekoa izango da. Epe horren mugaeguna iritsitakoan, bi aldeek hala adostuz gero, epea luzatu ahal izango da, gehienez ere bi urtez.

Donostiako Hipodromoa, Arrapide pasealekuko 11. zenbakian dagoena, jabari publikoko ondasun bat da, udal titulartasunekoa, 255.842 metro koadroko azalera duen esparru batez osatua, eta bertan integratzen dira higiezinak, instalazioak, altzariak, tresnak, ekipoak eta beste ibilgetu bat.

Udalak, emakidaren xede den higiezina egungo kontserbazio egoeran entregatuko du; hala ere, instalazioak egokitzeko funtsak emateko konpromisoa hartuko du, eta emakidadunak horiek egikaritzeko betebeharra hartuko du, emakidaren aldiaren hasieran eta gehienez 2 urteko epean, emakida formalizatzen denetik zenbatzen hasita.

Esleipendunak urtean 45.000 €-ko (BEZik gabe) zenbateko finkoa jarri beharko du inbertsio obretarako edo instalazioa hobetzeko, eta zergen aurretik mozkinen % 15 inbertsio edo hobekuntza obretarako.

Onartu dira, halaber, Udalaren urteko ekarpenak zaldi lasterketak antolatzeko (710.000 €) eta Donostiako Urrezko Kopa izeneko lasterketa antolatzeko (90.000 €), eta instalazioak egokitzeko ekarpen puntuala (438.000 €).

Lorategi Hiria

Tokiko Gobernu Batzarrak Britac Proyectos SL enpresari Loiolako Lorategi Hirian 58 etxebizitza, garaje eta trasteleku eraikitzeko lizentzia ematea onartu du, 2 urteko exekuzio epearekin.

Lorategi Hiria 66.896 m²-ko eremua da, eta guztira 264 etxebizitza berri eraikiko dira (% 40 babestuak). 6.000 m² erabilera tertziariorako, ekipamenduetarako, kirol kantxetarako eta aparkaleku baterako erabiliko dira. Gainera, azaleraren % 42 berdeguneetarako izango da. Bide berriak ere sortuko dira, gunea ingurunearekin lotzen laguntzeko.

Putzueta

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Girder Ingenieros, SL enpresari esleitzea Putzuetako mintegia birmoldatzeko exekuzio proiektua idazteko kontratua, 73.568 €-ko aurrekontuarekin. Enpresa esleipendunak zirriborro dokumentua aurkeztu beharko du 3 hilabetera, eta azken dokumentua kontratua sinatzen denetik 6 hilabetera.

Haur parkeak

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Montajes Garra SL enpresari esleitzea hiru haur parke ordezteko eta berritzeko kontratua. Kontratuaren iraupena 12 astekoa da, esleitutako lote guztiak kontuan hartuta, eta aurrekontua, guztira, 152.485 eurokoa da.

Kontratuaren xedea da jokoak eta segurtasun zoladura berriak hornitzea eta instalatzea, bai eta gaur egun parke hauetan dauden jokoak eta zoladura kentzea ere:

  • 1. lotea: Zuhaizti (eremu errektangularra) – 30.421 euro
  • 2. lotea: Cristina Enea – 106.080 euro
  • 3. lotea: Puioko gaina (komentuaren ondoan) – 15.984 euro