“Oporretan euskaraz” udalekuetan izena emateko epea zabalik

0

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak “Oporretan Euskaraz” udaleku irekiak antolatuko ditu uztailaren 3tik 28ra. Udako jarduera honen helburua da euskararen erabilera sustatzea haurrengan. Bertan parte hartzeko izena eman ahal izango da maiatzaren 2tik 10era. Izen-ematea online egitea gomendatzen da www.donostiaeuskaraz.eus webgunean. Hala ere, Udaleko Euskara Zerbitzuaren bulegoan ere egin ahal izango da, Konstituzio plazaren 2an, 9:00etatik-14:00etara.

2023ko udako jarduera honetan 2012tik 2018ra bitartean (bi urte hauek barne) jaiotako haur donostiarrek parte hartu ahal izango dute. Taldeak hizkuntza ereduaren, jaiotze urtearen eta jasotze puntuaren arabera eratuko dira.

Udalekuak astelehenik ostiralera eta 09:00etatik 13:30era izango dira. Aurten ere, 08:30etik 9:00etara zaintza zerbitzua eskainiko da eta haurrak jarduera hasi baino lehen, 08:30ean, eraman daitezke jasotze puntuetara.

Plazak zozketa publiko bidez eskainiko dira. Zozketa maiatzaren 18an egingo da eta emaitzak egun berean, arratsaldez, kontsultatu ahal izango dira www.donostiaeuskaraz.eus eta www.donostia.eus webguneetan.

 

Kuota ezberdinak familia motaren arabera

Udalekuan parte hartzeko ordaindu beharreko kopurua aldatu egingo da familiaren ezaugarrien arabera:

  • Hilabete osoko kuota arrunta: 164,06 euro
  • Familia ugariek edota guraso bakarrekoek %75a: 123,04 euro
  • Familia ugari bereziek %50a: 82,03 euro
  • Gizarte-laguntza jasotzen duten familiek %10a: 16,40 euro

 

Jardueraren inguruko datu orokorrak

 

  • Data: uztailean 3tik 28ra
  • Txanda: txanda bakarrean, 4 astez
  • Ordutegia: goizeko 9:00etatik 13:30era
  • Zaintza zerbitzua: 8:30etatik 9:00etara.
  • Adina: 5-11 urte (2012-2018 urteen artean jaiotakoak)
  • Izena emateko epea: maiatzaren 2tik 10era.
  • Jasotze puntuak: izena ematean, familiek aukeratuko dute jasotze puntua. Hiriko ikastetxe eta ekipamendu publikoak jarriko dira jasotze puntu gisa aukeran:

 

Euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko udaleku aproposak

Donostiako Udalak antolatzen duen udaleku bakarrak euskaraz aritzeko aukera eskainiko die bertan parte hartuko duten haurrei. Horretarako eguneroko ekintzak (jolasak, irteerak, abestiak, dantzak eta abar) euskaraz egingo dira eta euskara haurren harremanetarako hizkuntza izateko helburuarekin estrategiak bideratuko dira.

Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotziak nabarmendu nahi izan du euskara sustatzeko “Oporretan Euskaraz”ek duen balioa. “Udako jarduera honetan harremanetarako hizkuntza euskara izatea nahi dugu eta helburu horri begira antolatuta dago udalekua. Hezitzaileak aukeratu eta formatzerakoan alor honi garrantzi handia ematen dio Heztenek, udalekuaz arduratzen den enpresak”. Hala ere, udaleku honetan euskararekin harreman gutxi duten haurrek ere izena emango dutenez, errealitate hori ere kontuan hartuko dela aipatu du Insaustik. Haur horiek euskara eskolan erabiltzen dute gehienbat, eta hori jakinda, hizkuntzaren ikaskuntza prozesua sendotzeko balioko duten ekintza eta dinamika erakargarriak eskainiko zaizkie”.

Bestalde, programa berezia prestatu da 2022/2023 ikasturtean kanpotik etorri berri diren haurrentzat. Euskara Zinegotziaren esanetan “Oporretan Euskaraz ere behar berrietara egokitzen ari gara. Ikasturtean zehar kanpotik etorri diren haurrei hizkuntza gaitasuna hobetzen lagundu nahi diegu. Udan eta aisialdian euskararekin harremana izaten jarraitzea da asmoa”.

Horrez gain, beste zenbait helburu ere izango ditu udalekuak: haurren nortasuna eta autonomia garatzea, pertsonen arteko aniztasuna kontua hartu eta estereotipoak gainditzea, ingurunea ezagutu eta naturarekiko errespetua sustatzea eta abar.