- Itsasertzean izan ezik, espero zen euriaren erdia baino gutxiago egin du, azken 12 hilabeteetako sekuentzia lehorra mantenduz
- Intsolazioa batez bestekoa baino % 35 handiagoa izan da
Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, apirila oso beroa eta oso lehorra izan da Euskadi osoan, eta, bereziki, Arabako Errioxan. Berez, Euskadiko ia lurralde osoan, itsasertzean izan ezik, bildutako euri-kopurua ez da espero zenaren erdira ere iritsi, eta intsolazioa, orokorrean, espero zena baino askoz ere handiagoa izan da, eguzki-orduak % 35 gehiago izan baitira.
Euskalmeten arabera, apirileko batez besteko tenperaturak 12-13 ºC inguruan ibili dira itsasertzean, eta Arabako Lautadan, berriz, 11º C inguruan. Balio horiek, Euskadi osorako, 1,7º C-ko anomalia positiboa suposatzen dute 1981-2010 aldi normalarekiko. Azpimarratu behar da Arabako Errioxan apirileko batez besteko balioa 14º C ingurukoa izan dela, eta anomalia positiboa, beraz, 2,5º C-tik gorakoa izan da.
Egun epelak nagusi izan badira ere, hilaren 5eko balio minimoek mende honetako tenperatura minimo baxuenen errekor batzuk hautsi zituzten estazio batzuetan, bereziki Araban eta Bizkaiko mendialdean (Pagoeta -7,5 °C; Subijana -7,5 °C; Espejo -6,2 °C).
Gainera, apiril honetan intsolazioak larregi gainditu ditu batez besteko balioak. Eguzki-orduak espero zirenak baino % 15-20 gehiago izan dira Gipuzkoako ipar-ekialdean, eta % 35 gehiago Euskadiko gainerako lekuetan. Hiriburuz hiriburu, Bilbok 186 eguzki-ordu izan ditu, Donostiak 193 eta Gasteizek 224.
Prezipitazioei dagokienez, apirilean erregistratutako prezipitazio-kopuruak kontuan hartuta, hilabete oso lehorra izan da Euskadiko leku gehienetan. Gipuzkoa ipar-ekialdeko eskualdeetan izan ezik, leku horietan apirila hilabete lehorra izan baita, Euskadiko gainerako lurraldeetan espero zitekeen euriaren erdia baino gutxiago bota du, eta Erkidegoaren mendebaldean ez da % 30era ere iritsi. Horren ondorioz, areagotu egin da euri-gabezia, eta ez bakarrik aurtengo udaberrian; izan ere, jarraipena eman zaio azken 12 hilabeteetako sekuentzia lehorrari.
Muturreko meteorologiari dagokionez, apirila oso lasaia izan da. Horrela, hil honetan Eusko Jaurlaritzak 5 abisu hori bakarrik aktibatu ditu, guztiak olatuen altueragatik nabigaziorako.