Garamendik administrazioaren birdiseinuan sakontzearen alde egin du, herritarren eskaera berriei erantzuteko

0
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak administrazio publikoen arteko elkarlana eta lankidetza aldarrikatu du digitalizazio prozesuan
  • NIK zorro digitalaren proiektua nabarmendu du, identifikazio txartelak telefono mugikorrean sartzeko aukera ematen duena

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak azpimarratu du beharrezkoa dela administrazio publikoren beste diseinu bat, herritarren eskaerei eta beharrei hobeto erantzuteko. Olatz Garamendik azaldu duenez, prozesu hori oso ingurune aldakorrean gertatzen ari da, bai arreta prozesuetan, bai tresnetan, eta herritarrak politika publikoen erdigunean jartzearen garrantzia azpimarratu du.

Garamendik Deustuko Unibertsitatean eskubide digitalei eta administrazio publikoei buruz egin diren jardunaldietan parte hartu du gaur, Zuzenbidearen Euskal Akademiak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) eta unibertsitateak berak antolatuta. Unibertsitateko ikasle gaztez betetako entzulego baten aurrean, Sailburuak euskal administrazio berria abian jartzeko ardatz nagusiak gogorarazi ditu: hurbiltasuna, eraginkortasuna, gardentasuna, kontuak ematea, berrikuntza, digitalizazioa eta finkatutako eta prestatutako giza baliabideak.

Jardunaldiei hasiera emateko hitzaldian, Garamendik Euskal Sektore Publikoari buruzko 3/2022 Legeak euskal administrazio publikoaren modernizazioan duen garrantzia nabarmendu du, baita Gobernantza, Berrikuntza Publiko eta Gobernu Digitalari buruzko Ardatz 2030 Plan Estrategikoa abian jarri izana ere. Plan honek herritarrei arreta emateko kanal anitzeko sistema integral bat sortzea bultzatzen du. “Administrazio digitalaren ereduan, herritarrak erdigunean jarri behar direla uste dudan bezala, argi daukat herritarrentzako arreta kanal elektronikoaren bidez nahitaez sustatzeak ezin duela desagerrarazi beste kanal batzuetatik eskaintzen dugun arreta”, adierazi du Sailburuak. Horren aurretik, Gema Tomas Martinez egon da, Deustuko Unibertsitatearen ordezkari gisa, eta Andres Urrutia, Zuzenbidearen Euskal Akademiaren ordezkari gisa.

Garamendik administrazioen arteko elkarlana eta lankidetzaren alde egin du digitalizazioaren arloan ere, eta adibide gisa jarri du NIK zorro digitalaren proiektua, gaur egun bere Saila garatzen eta bultzatzen ari dena. Txartel zorro hori oso erabilgarria da erabiltzailearentzat, dokumentuak mugikorrean gordetzeko aukera ematen baitie, eta, behar denean, in situ eta modu telematikoan aurkezteko aukera ematen baitu, txartel tradizionalak poltsikotik kentzeko.

Santiago Larrazabal katedradunak aurkeztutako ekitaldian, Jone Berriozabal Erakunde Harremanetarako Sailburuordea eta Maite Barruetabeña IVAPeko Zuzendaria ere izan dira. Honako hauek izan dira hizlariak: Lorenzo Cotino, Valentziako Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna, Pribatutasun zuzendaria eta OdiseIAko Erregulazio eta Eskubide arloetako arduraduna; Miren Matxalen Lauzirika, Eusko Jaurlaritzako Herritarrei Arreta Emateko eta Zerbitzu Digitaletako zuzendaria; Javier Bikandi, Bizkaiko Foru Aldundiko Digitalizazio eta Herritarren Arretarako zuzendari nagusia; eta Gonzalo Alvarez, Arartekoaren Administrazio Elektronikoko, datuen babeseko, gardentasuneko eta gobernu oneko arduraduna.