- Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak Getxophotoko 17. edizioaren irudiaren eta programazioaren aurkezpenean parte hartu du.
- Formatu, euskarri eta espazio ez-konbentzionalak erabiltzearen aldeko apustua egiten duen irudi-jaialdia ekainaren 1etik 25era egingo da.
- Suitza, Japonia, Maroko, Ekuador, Mexiko, Argentina, Erresuma Batua, Brasil edo Greziatik etorritako 22 artistak beren lanak erakutsiko dituzte beste hainbeste erakusketa eta instalaziotan (gehienak aire zabalean)
Gaur aurkeztu da Getxophoto Irudi Jaialdiaren irudia eta programazioa. Ekainaren 1 eta 25a bitartean izango den jaialdiaren 17. ediziorako “ETENA!” leloa jarri zaio. Gero eta azkarrago doan mundu honen aurrean, etenaldiaren potentzial politikoari buruzko hausnarketa egin nahi du, geldialdia ez baita pasibotasunaren eta are gutxiago deskonexioaren sinonimoa.
Aurkezpenean Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak parte hartu du, eta Getxophoto jarri du euskal erakundeen arteko talde-lanaren adibide gisa; izan ere, hiru erakunde-mailak (Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza) Irudi Jaialdian parte hartzen dute. Era berean, Bingen Zupiriak kultura aldarrikatu du, traktore sozioekonomiko gisa eta Getxo eta Euskadi nazioartean kokatzeko tresna gisa.
Informazio gehiago: Getxophoto.