Josu Erkorekak Bizkaiko Gurutze Gorriaren gizarte-lana nabarmendu du erakundearen 150. urteurrenean

0
  • Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemako laguntzaile nagusietako bat da, eta urtean 2.300 jarduketa baino gehiago egiten ditu Euskadin babes zibilaren arloan eta herritarrei laguntza ematen

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak Bizkaiko Gurutze Gorriaren 150. urteurreneko ospakizunean parte hartu du gaur arratsaldean. Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sisteman erreferentea den erakunde honek urtean 2.300 egoera kritikotan baino gehiagotan parte hartzen du Euskadin SOS Deiak zerbitzuarekin lankidetzan.

Erkorekak, bere esku-hartzean, Gurutze Gorriko boluntarioen ardura eta profesionaltasuna nabarmendu ditu, egoera zaurgarrian edo larrialdi batean dauden pertsonei modu altruistan laguntzea egokitzen zaienean. Esate baterako, 2022an 1.181 pertsona artatu zituzten Euskadin, horietatik 913 Bizkaian, era horretara zuzenean esku hartuz euskal herritarren ongizatean eta segurtasunean.

150 URTEKO BORONDATEZKO LANA

1873ko apirilaren 12an sortu zen era ofizialean Gurutze Gorria Bilbon, eta horrek bere jarduera Bizkaia osora zabaltzea ahalbidetu zuen. Orduz geroztik, erakundeak 150 urte daramatza erakunde publiko eta pribatuekin elkarlanean, Bizkaiko edozein txokotan, une eta zirkunstantziatan gizatasuna eta duintasuna pertsona guztiengana irits daitezen.

150 urte hauetan zehar, Bizkaiko Gurutze Gorriak laguntza edo/eta zerbitzua eskainiz esku hartu duen gertaerak ugariak izan dira: karlistaldia, Gurutze Gorriaren eta dama erizainen Atxuriko ospitalearen sorrera, “La dinamita” fabrikaren leherketa, itsas salbamenduaren edo mendiko erreskate unitateen hasiera, Bilboko uholdeak, Oiz mendiko hegazkin istripua edo Bermeoko sutea, besteak beste. Baina erronka globaletan ere aritu da, gatazka armatuek eragindako migrazio-mugimenduei, genero-arrakalari, Covid19ari, klima-aldaketari, bakardadeari edo pobrezia energetikoari aurre egiteko.

Gurutze Gorriak 13 batzar ditu gaur egun, Bizkaiko lurralde historiko osoan banatuta: Bermeo, Uribe Kosta, Eskuinaldea, Ezkerraldea, Mungialdea, Bilbo, Barakaldo, Enkarterri, Busturialdea, Nerbioi Harana, Arratia Harana, Durangaldea eta Lea Artibai. Horri esker, urtean 20.000 pertsona baino gehiago artatzen dira zuzenean probintzian, 1.600 boluntarioren eta 24.600 bazkide baino gehiagoren lanari esker.

Gurutze Gorria erakunde humanitarioa da, garaikidea, independentea, tokian bertan baina ikuspegi globalarekin jarduten duena, eta beti helburu bakar baten pean: pertsonak.

GURUTZE GORRIAREN ETA ILARGIERDI GORRIAREN NAZIOARTEKO MUGIMENDUA

Gurutze Gorria Henry Dunant izeneko gizon baten ekimenez sortu zen. 1859an Solferinoko guduan zauritutako soldaduei lagundu zien, talde batekoak edo bestekoak ziren begiratu barik. Gurutze Gorriaren sorrerarekin paradigma berri bat sortu zen, gerra-gatazketan ikuspegi humanitarioan oinarritutako esku-hartze humanitarioa izatea.

Bizkaiko Gurutze Gorria Espainiako Gurutze Gorriaren, eta 192 herrialdetan hedatuta dagoen Gurutze Gorriaren eta Ilargierdi Gorriaren Nazioarteko Mugimenduaren barruan dago. Gurutze Gorria munduko mugimendu humanitario, hiritar eta independente handiena da, eta erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzen da, edozein leku, une eta zirkunstantziatan gizatasuna eta duintasuna pertsona guztiengana iritsi daitezen. Gurutze Gorriak bere Oinarrizko zazpi Printzipioetan oinarrituta jarduten du beti: Gizatasuna, Inpartzialtasuna, Neutraltasuna, Independentzia, Borondatezko Izaera, Batasuna eta Unibertsaltasuna.

Sinboloak, bestalde, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioak ematen duen babesaren adierazgarri dira, eta Gurutze Gorriaren eta Ilargierdi Gorriaren Nazioarteko Mugimenduarekin lotutako guztia identifikatzen du.

Bizkaiko Gurutze Gorriaren 150. urteurrenarekin erlazionatutako informazio eta jarduera guztiak hemen aurki daitezke: https://www.cruzrojabizkaia.org/es/150crb/

Informazio gehigarria