Lehendakariak gogorarazi du Euskadi Europako Berdintasun Indizean puntakoenen artean dagoela, talde-lanari esker

0

Iñigo Urkullu lehendakariak, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariarekin batera, Berdintasunerako Emakunde Saria eman dio gaur arratsaldean On: giz: ezberdinen elkarteari, gizon taldeekin gizonen dominazioaz, sexismoaz eta patriarkatuaz jabetzeko egindako lanagatik eta emakumeen taldeekin ahalduntzea eta lidergo pertsonala eta kolektiboa lantzeagatik. Esther Molinero eta Xabier Odriozola izan dira saria jaso duten elkarteko bi ordezkariak.

Lehendakariak adierazi duenez, On-gizek “pertsonak erdigunean jarriz eta espiritu komunitarioa indartuz” lan egiten du, eta hori da, bere ustez, gizartean aurrerapausoak lortzeko modua: “pertsonei arreta eman eta entzutea, ikuspegi kolektibo baten aldeko apustua eginez”. Lehendakariaren hitzetan, “On:giz-ek gogorarazten digu berdintasuna erronka partekatua dela, eta guztiok dugula zer egin: gizonak, emakumeak, erakundeak, elkarteak, enpresak, familiak, komunikabideak…arazo estrukturalak eta globalak modu kolektiboan baino ezin baitira konpondu, taldean lan eginez”.

Urkulluk nabarmendu duenez, On:giz-ek duela urtebete aurkeztutako “Berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Herri Itunaren espiritua irudikatzen du, eta Berdintasunerako Legearen helburuak egia bihurtzeko lanean jarraitzera animatzen gaitu”. Hala, “talde-lanari esker”, gogorarazi du Euskadi Europako Berdintasun Indizean puntakoenen artean dagoela, baina nabarmendu du berdintasun-politiken zeharkakotasunean aurrera egiten jarraitu behar dela, “emakumeen ahalduntzea bultzatzeko; zaintza-lanak ikusaraziko, baloratuko eta partekatuko dituen gizartea eraikitzeko; gizonak berdintasunean inplikatzeko; hezkuntza balioak aldatzeko tresna eraginkor gisa erabiltzeko; edo emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzeko”.

Bestalde, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gogorarazi du oso garrantzitsua eta beharrezkoa dela “gizonen jarrera aktiboa gizarte berdinzaleago bat eraikitzeko”, eta adierazi du berdintasunerako une historiko oso garrantzitsuan gaudela, “berdintasunaren aurkako diskurtsoekin, zeinen aurrean erne egon behar dugun, baina, aldi berean, gero eta sentsibilizatuago dagoen euskal gizarte batekin”.

Emakundeko zuzendariak, Miren Elgarrestak, epaimahaiaren arrazoiak azaldu ditu: Epaimahaiak On-gizek gizon-taldeekin, emakume-taldeekin eta talde mistoekin egindako lana baloratu du, “maskulinitate eta feminitate hegemonikoen ereduak birpentsatu eta deseraikitzeko eta genero-identitate alternatibo, askatzaile eta ez-hegemoniko berriak eraikitzen laguntzeko”. Gizartean egiten ari den lana nabarmendu du, “berdintasunerako eta deseraikitze patriarkalerako sentsibilizazioan, kontzientziazioan eta prestakuntzan, bai euskal lurraldean, bai estatuan eta nazioartean”.

Epaimahaiak modu positiboan baloratu du hautagaitza hau bat etortzea gizonak interpelatzen dituzten hainbat lan-ildo eta erakunde arteko kanpainekin. Are gehiago testuinguru soziala kontuan harturik, zeinean aurrera egin den gizonen kontzientziazioan eta inplikazioan berdintasunaren eta indarkeriarik gabeko gizarte baten alde. Halaber, sari honen bidez, epaimahaiak berdintasunaren alde lan egiten duten beste erakunde eta kolektibo batzuen lana baloratu nahi izan du, gizonen beharrezko inplikaziorik gabe berdintasuna ezinezkoa dela ulertuta.

On-gizen aldetik, Esther Molinerok eta Xabier Odriozolak hitz egin dute. Azaldu dutenez, “sari hau gaur egun gure elkartean parte hartzen dugun 120 emakume eta 85 gizonentzako saria da, batez ere taldeen 20 dinamizatzaile boluntarioentzat, denen artean gure sexismoa eta gizartearen sexismoa desprogramatzeko apustu argi eta aktiboa egiten dugulako”. Haien hitzetan, “hasieratik gure helburua sistema patriarkala eta sexismoa gainditzea izan da, eta pertsona guztientzat berdintasunezkoa izango den gizarte bat bilatzea”.

On-giz gizon talde bakarrarekin hasi zen, eta, gaur egun, 9 gizon talde eta beste 10 emakume talde daude aktibo elkartean. Hamabostean behin biltzen dira Gasteizen eta Arabako herri batzuetan.

Sariaren helburua

Emakunde Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridikoen, publiko zein pribatuen, jarduna jendaurrean aitortzea. Sariak 14.400 euroko zuzkidura gordina du.

Aurreko urteetan saritutako hautagaiak