Berdindu! zerbitzuak, iaz, 640 kontsulta baino gehiagori eman zien arreta, eta 2.400 irakasle baino gehiagori eman zien LGTBI+ diskriminazioari aurre egiteko aholkularitza

0
Bilbao 08-05-2023 Oficina de berdindu! Servicio del Gobierno Vasco de información y atención a personas lesbianas, gais, trans, bisexuales e intersexuales (LGTBI), así como a su entorno © MITXI
  • Zerbitzua 2022tik dago aktibo, eta informazioa eta orientazioa ematen die LGTBI+ pertsonei eta haien familiei, bai eta zenbait eremutako profesionalei ere, hala nola hezkuntza-eremukoei
  • Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Bilboko bulegoa bisitatu du: “Jarraituko dugu pertsona ororen aukera- eta eskubide-berdintasuna bermatzeko lanean, haien sexu-orientazioa edo genero-identitatea edozein dela ere”

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, LGTBI+ pertsonei eta haien familiei eta hala eskatzen duten entitateei arreta eta aholkularitza emateko Berdindu! zerbitzuaren bulegoa bisitatu du. Bisita Eusko Jaurlaritzak sexu- eta genero-aniztasunerako arreta-zerbitzuak agerian jartzeko eta EAEko gizartean bereizkeriaren aurka borrokatzeko eta berdintasuna sustatzeko konpromisoa berresteko duen estrategiaren barruan sartzen da.

Bisitan, Melgosak aurrez aurre ezagutu du Berdindu! zerbitzuko talde teknikoak egiten duen lana; informazioa, orientazioa eta aholkularitza ematen dizkie LGTBI+ pertsonei eta haien familiei, bai eta zenbait eremutako profesionalei ere, hala nola hezkuntza-eremukoei eta beste kolektibo batzuei.

“Gure lana zerbitzuan funtsezkoa da, LGTBI+ pertsonei eta haien familiei laguntza eta orientazioa emateko, besteak beste: lesbiana bikote bati ama izateko egin behar dituzten izapideen berri ematea, aitek eta amek seme-alabekin dituzten zalantzak argitzea, etab.”, esan du Sarai Montes Berdindu! zerbitzuak Bilbon duen bulegoko arduradunak.

Hezkuntza-eremuan, Berdindu! Eskolak-ek egiten duen lana nabarmentzen da; ekimen hori eskola-elkarteak aniztasun afektibo-sexualari eta genero-aniztasunari dagokienez Lehen eta Bigarren Hezkuntzan dauzkan erronka eta desafioei heltzeko beharrari erantzuteko sortu da.

Berdindu! Eskolak ekimenaren bidez, irakasle, ikasle eta haien familiei orientazioa eta aholkularitza eman nahi zaie sexu- eta genero-aniztasunaren kudeaketan, LGTBIfobiaren kasuak daudenean edo ikasle trans-en bat prozesu pertsonalean dagoenean. Azken batean, hezkuntza-ingurune inklusiboa eta ekitatiboa sustatu nahi du, pertsona guztien errealitateak eta beharrak kontuan hartzen dituena, haien genero-identitatea eta sexu-orientazioa edozein dela ere.

Ander Prol Berdindu! Eskolak ekimeneko teknikariak esan duenez, “eskoletan LGTBI pertsonenganako indarkeriak eta bereizkeriak, haien ongizate emozionalean eta akademikoan eragina izateaz gainera, estereotipo kaltegarriak eta aurreiritziak ere betikotzen dituzte. Hori dela eta, irakasle, ikasle eta familiekin lan egiten dugu, bereizkeriarik gabeko hezkuntza-ingurunea sustatzeko”.

Bestalde, Melgosak nabarmendu du zerbitzu horiek zer garrantzitsuak diren gizarte bidezkoagoa eta berdinzaleagoa eraikitzeko, eta azpimarratu du berdintasuna eta mota guztietako aniztasunarekiko errespetua sustatzen dituzten politika publikoak sustatzen jarraitu behar dela.

“Funtsezkoa da zerbitzu horiek erkidego ekitatiboagoa eta bidezkoagoa sortzeko betetzen duten oinarrizko eginkizuna nabarmentzea. Berdintasuna eta aniztasunaren aitorpena dimentsio guztietan sustatzen dituzten politika publikoak sustatzen jarraitu behar dugu”, esan du sailburuak.

Era berean, Melgosak nabarmendu du Berdindu! zerbitzuak LGTBI+ pertsonenganako bereizkeria- eta indarkeria-egoeren prebentzioan eta arretan egiten duen lana. “Azpimarratu behar da Berdindu! zerbitzuak egiten duen lan nabarmena, LGTBI+ pertsonenganako bereizkeria- eta eraso-kasuen prebentzioari eta haiei heltzeari dagokienez. Zerbitzuaren ahalegina funtsezkoa da giro inklusiboagoa eta errespetutsuagoa ziurtatzeko, non pertsona oro, haren genero-identitatea edo sexu-orientazioa edozein dela ere, beldurrik eta bereizkeriarik gabe bizi baitaiteke”, esan du.

Melgosak esan du, era berean, azken urteotan berdintasunaren eta aniztasunaren arloan izan diren aurrerapenak gorabehera, oraindik zenbait erronka daudela LGTBI+ pertsonenganako bereizkeriaren eta indarkeriaren aurkako borrokan. Era berean, arreta-zerbitzuak sendotzearen eta EAEko gizartean inklusioa eta bizikidetza sustatzearen alde egin  du.

“Lorpen horiek guztiak gorabehera, badakigu oraindik asko dagoela egiteko, pertsona ororentzat aukera-berdintasuna eta justizia soziala bermatzeko, haien genero-identitatea edo sexu-orientazioa edozein dela ere”, gogorarazi du sailburuak.

Azkenik, zerbitzuak gaur egun dituen erronka eta aukeren jakitun egonik, eskerrak eman ditu Berdindu! zerbitzuaren talde teknikoaren lanagatik, eta Eusko Jaurlaritzak EAEko gizartearen eremu guztietan bereizkeriaren aurka borrokatzeko eta berdintasuna eta aniztasuna sustatzeko ematen duen babesa berretsi du.

“Kalteberatasun horiei heltzeko, gizarteak, oro har, gobernuek, gobernuz kanpoko erakundeek eta sektore pribatuak barne, elkarrekin egin behar du lan”, esan du Melgosak.

Sailburuak esan duenez, “bisita hau politika eta ekintza zehatzak dakartzan konpromisoa sendotzeko beste urrats bat gehiago da, eta EAEn LGTBI+ pertsonen eta haien familien eskubideak erabat aitor eta balia daitezen bermatzea du helburu”.

Berdindu! zerbitzuaren datuak

Berdindu! zerbitzu erreferentea da LGTBI+ pertsonentzako eta haien familientzako arretan, eta bulegoak ditu EAEko hiru hiriburuetan. 2002an sortu zenetik, milaka pertsonari eman die aholkularitza, eta sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintza ugari egin ditu autonomia-erkidego osoan.

Hori horrela, Berdindu!-ren bulegoetan, iaz, 648 eskabideri erantzun zien (163 Araban, 265 Bizkaian eta 220 Gipuzkoan) eta, haietatik, % 69 lehen kontsultan izan ziren eta % 31, segimenduan. Nagusiki, emakumeek erabili zuten zerbitzua (% 54); ondoren, gizonek (% 32) eta, azkenik, genero desberdineko pertsonek (% 3).

Kontsulten tipologiari dagokionez, gehienak sexu- eta/edo genero-identitatearekin lotuta egon ziren (% 31), eta, ondoren, asistentzia juridikoarekin (% 24) edo hezkuntzarekin (% 19).

Berdindu! Eskolak ekimenari dagokionez, prestakuntza-saioak eman ziren 68 ikastetxetan, eta, haietan, 2.413 irakaslek parte hartu zuten; alegia, % 16 egin zuen gora parte-hartzeak, 2021aren aldean.

Ikastetxeen aldetik eskari handiena izan zuen zerbitzua profesionalentzako prestakuntza izan zen (68 prestakuntza), bai eta aholkularitza ere (37).

Memoria Berdindu 2022: https://bit.ly/Berdindu2022Txostena [pdf]

Informazio gehigarria