EquiLIBRO proiekturi esker, irakurgaiak eskura dituzte paziente, senide eta profesionalek

0
PRUEBA

Ospitaleak EquiLIBRO proiektua jarri du abian, Kirurgia Orokorreko eta Psikiatriako paziente, senide eta profesionalek irakurgaiak eskura izateko. Horretarako, liburuak trukatzeko liburutegi bat sortu du 4.D solairuko itxarongelan.

Berrikuntzak eta ESIko Osasun Zientzien Liburutegiak egin dute proiektua, Kirurgia Orokorreko eta Psikiatriako taldearekin batera. Ospitaleko egonaldietan entretenitzeko beste aukera bat da, eta liburuen etengabeko fluxua ahalbidetzen du, irakurtzeko ohitura bizitza osasungarriaren praktika gisa areagotzeko, berrerabilera sustatzen du eta ESIaren humanizazio-programari laguntzen dio.

Oihane Gutierrez Grijalba Kirurgia Orokorreko Zerbitzuko mediku eta proiektu honen bultzatzaile handiak esan digunez: «Irakurketak informaziorako eta ezagutzarako ateak irekitzen dizkigu, irudimena askatzeko aukera ematen digu, eta ihes-balbula gisa balio digu egoera jakin batzuetan, tartean ospitale-egonaldi batean».

Espiritu horrekin sortu zen ekimen hau. «Gaur egun 190 liburu ditu erregistro-zenbakiarekin, nahiz eta apaletan, guztira, 228 liburu egon diren. Gaiak askotarikoak dira: gazte literatura, fikzioa, polizia-nobelak, abentura, fantasia, baina gehien kontsultatzen direnak nobela beltzak, fikziozkoak eta polizia-nobelak dira», Susana González-Larragan liburutegiko dokumentalistak adierazi duenez.

Liburuak 4.D solairuko itxarongelan daude, apalategi batean, eta libreki har daitezke.
Astean bitan, Liburutegi Zerbitzua arduratzen da itxarongelara joateaz eta eraman eta itzuli diren liburuak berrikusteaz. Datu-base bat dauka, gainera, liburuen erregistroa eta kontrola izateko. Era berean, dohaintzan emandako liburu berriak jasotzen dira, forratu egiten dira eta datu-basean erregistro-zenbaki bat esleitzen zaie. Astean bitan, zerbitzuaren erabiltzaileek egindako gogobetetze-inkestak ere jasotzen dira.

Ildo horretan, eta abian jarri zenetik hilabete batzuk igaro ondoren, pazienteak eta senideak oso ondo hartzen ari dira ekimena, inkesta horietatik ateratako datuen arabera. «Ekimenarekiko esker ona adierazi dute eta kasuen % 98,83an beste paziente edo senide batzuei liburuak trukatzeko liburutegia erabiltzea gomendatuko liekete. Uste dute entretenimendu-modu horrek, gainera, oneratzen laguntzen duela eta bakardade-sentsazioa gutxitzen duela», Mikel Buruaga Berrojalbiz ESIko Kalitate eta Berrikuntza Unitateko teknikariak adierazi duenez.