Cristina Enea Fundazioak Santa Klara irlaren ingurumen- eta kultur-aktiboak eta Hondalea obra ezagutzera emateko diseinatu eta koordinatutako 2022 Hezkuntza Eskaintzako jarduerei puntuazio ‘bikaina’ eman diete hezkuntza komunitateak eta eragile soziokulturalek. Zehazki, saio didaktiko horietan parte hartu duten 2.000 pertsona baino gehiagok, 80 taldetan antolatuta, batez beste 4,3 puntu eman dituzte 5etik, hala nola bisitaren antolaketa, iraupena, garatutako edukiak, erabilitako metodologia edo hezitzailearen lana puntuatuz.
Tailerrak, bisita gidatuak eta jarduera didaktikoak eskola-ziklo guztietarako diseinatu dira, euskal hezkuntza-curriculumera eta kolektibo soziokulturalen premia espezifikoetara egokituta. Eskema orokor horretan, gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden taldeei arreta berezia eta erraztasuna ematea lehenetsi da.
Ondorioz, talde kopurua ia % 42 igo da aurreko urtearen aldean, eta parte-hartzaileen guztizko kopurua (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Heziketa Zikloak eta talde soziokulturalak) ia % 40 handiagoa izan da.
Santa Klara irlaren garbiketa boluntarioekin
Era berean, aurten, CaixaBank Boluntariotzaren, Donostiako Udalaren eta Cristina Enea Fundazioaren arteko lankidetzari esker, Santa Klara irla garbitzeko jardunaldia antolatuko da. Maiatzaren 14an, igandea, izango da, 10:00etatik 13:00etara, eta aldez aurretik izena eman beharko da, CaixaBank Boluntariotzaren edota Cristina Enea Fundazioaren webgunearen bidez.
2023ko Hezkuntza Eskaintza
Santa Klara irlako 2023ko Hezkuntza Eskaintza eskuragarri dago jada Cristina Enea Fundazioaren webgunean (www.cristinaenea.eus), Santa Klara bezalako ingurune natural pribilegiatu baten hainbat alderdi balioesten eta ezagutarazten dituzten jarduerekin.
Jarduerak doakoak dira, baina ez dute barnean hartzen uhartera joateko kostua. Maiatzaren 15etik ekainaren 30era eta irailaren 11tik urriaren 31ra bitartean egingo dira, eta erreserbak telefonoz egin behar dira (943483500 luz. 9719) edo cristinaeneabisitak@donostia.eus posta elektronikoaren bidez.