Eusko Jaurlaritzaren Adierazpena, Europaren Egunean

0

Eusko Jaurlaritzak bat egiten du gaur ospatzen den Europaren Egunarekin. Egun honek inoiz baino garrantzi handiagoa hartzen du. Jasaten ari garen krisi ezberdinen aurrean, duela 73 urte sinatu zen eta gaur egun ezagutzen dugun Europa politikoaren aitzindaritzat jotzen den Schumanen Adierazpenaren printzipioak indartzea proposatzen dugu.

Europak askeago egin gaitu. Kultura-aniztasuna errespetatuz haztea lortu dugu. Bere sorrera-zimentuak urte hauetan zehar aurre egin behar izan dizkiegun zailtasunei erantzun onena izan direla erakutsi dute.

Hasierako sugarra interes ekonomiko komun batzuei esker piztu zen. Fundatzaileek ulertu zuten oso zaila izango zela munduko historian paper garrantzitsua izatea, indarrak batuta etorkizuneko erronkei aurre egiten ez bazitzaien. Batasun horri esker banaka lortzea ezinezkoa izango zena lortu genuen: mundu mailan protagonismo erabakigarria izatea. Honela, gure bizi kalitatea nabarmen hobetu zen.

  1. mendeko 50. hamarkadan hasitako Europa eraikitzeko prozesuari esker, Europak bere historiako bake- eta oparotasun-aldirik luzeena bizi ahal izan du. Egonkortasun hori arriskuan dago gaur egun, Ukrainako inbasioak ekarritako gerrak eta munduko taula geopolitikoan ikusten diren aldaketek eraginda.

Hala ere, ez da hori gainditu beharreko zailtasun bakarra izan. Covid-19ak sortutako pandemia, ondoren etorri den krisi ekonomikoa, krisi energetikoa edo Brexit-a azken urteetan aurre egin behar izan dizkiegun oztopoen adibideak baino ez dira.

Uste dugu Europa batuago eta indartuago atera dela egoera horietatik. Izan ere, Europako proiektuaren eraikuntza ez da kontu estankoa, egunez egun egin eta etengabe eguneratzen da. Horren lekuko dira Next Generation programa, pandemiari aurre egiteko akordioak edo Ukrainako inbasioaren testuinguruan lortutako adostasunak. Batasunak indartu egiten gaitu.

Etorkizuneko proiektu honek datozen urteetan ere funtsezko gaiei aurre egin beharko die. Hala nola trantsizio berdea, digitala eta sozialari, hain zuzen ere. Hori egiten jarraitu behar du, lan bateratua eta partekatua sustatuz.

Horretarako, beharrezkoa da eremu partekatuaren eraikuntzan herrialde zein eskualdeek ere bete behar duten zereginean sakontzea.

Horregatik, Tratatuak erreformatzeko aurreikusitako Konbentzioaren parte izatea nahi dugu, Batasunak aurre egin beharreko erronkei erantzun egokia eman ahal izateko.

Integrazio europarraren prozesuak borondate politikoa eskatzen du, bai eta eskumen legegileak dituzten nazioen eta eskualdeen subsidiariotasun-printzipioan oinarritutako maila anitzeko gobernantza egituratzea ere. Hori guztia Europako politika hurbilago, eraginkorrago eta kohesionatuago baten alde. Herritarren mesedetan, alegia.

Euskadik bere konpromiso europazalea indartzen du, eta, aldi berean, Ardatz Atlantikoa indartzearen eta erronka eta proiektu partekatuetan aurrera egitearen alde egiten du: trenbide-korridorea, hidrogenoaren korridorea, klima-aldaketari emandako erantzuna, prestakuntzaren, kulturaren eta hizkuntzen bultzada edo espezializazio adimendunaren aldeko apustua Europako agendan sartu behar dira.

Badakigu Europaren arreta-gunea ekialderantz biratzen ari dela, eta, beraz, Eusko Jaurlaritzak Makro-Eskualde Atlantiko baten proposamena bultzatzen jarraituko du, ikuspegi estrategiko bateratu bat sortzeko, gure interesen defentsan jarduteko eta Europaren integrazioan laguntzeko.

Gurea egiten dugu Jean Monnet-en sorrera-espiritua, zeinak zioen: “ez gara estatuen arteko koalizioak osatzen ari, herrien arteko batasuna baizik”. Euskadi Europar Batasunaren hastapenetan egon zen, eta, gaur egun, pertsona, gizarte-kohesioa, iraunkortasuna eta integrazioa ardatz dituen etorkizuneko proiektu batean parte hartzen ari da.

Europar Batasunak kultura-aniztasuna eta inklusioa, bizi-kalitatea eta ongizatea sustatzen ditu, baita giza eskubide unibertsalak eta bizikidetza baketsua ere, hori guztia giza garapen iraunkorraren eredua bultzatuz.