Lehendakariak eta Estatuko gobernuko presidenteak hainbat gai jorratzea adostu dute, hala nola Makroeskualde Atlantikoa bultzatzea

0

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Olatz Garamendik jakinarazi duenez, Espainiako Gobernuko Presidente Pedro Sanchezek Iñigo Urkullu Lehendakariak autogobernuarekin eta Euskadiren garapenarekin lotutako hainbat gai jorratzeko berriki bidalitako gutunari erantzun dio. Garamendik adierazi du badakiela agendak begiratzen ari direla laster bi agintarien arteko bilera bat ixteko, baina oraindik ez du data itxirik.

Onda Vascan egindako elkarrizketa batean, Garamendik azaldu du lehendakariak eta Espainiako Presidenteak, besteak beste, gai garrantzitsu hauek jorratzea adostu dutela: Makroeskualde Atlantikoa, autogobernua, egiteke dauden transferentziak, energia interkonexioak eta garraioak.

Era berean, Sailburuak aurreratu du Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko Aldebiko Batzorde iraunkorra, Lehendakariak politika orokorreko azken eztabaidan proposatu zuena, landuta dagoela eta laster biltzea espero dela. “Baina garrantzitsuena – azpimarratu du- edukiak ematea da”.

Aldiriko tren zerbitzua eskualdatzeari dagokionez, transferentzia hori negoziatzen «denbora asko» daramatela deitoratu du, eta «asko kostatzen ari da eskualdaketa osoa ikusteko behar den dokumentazio guztia ateratzea». Zehaztu duenez, «hitz egiten jarraitzen dugu eta nahiko aurreratuta dago», baina ohartarazi du ez dutela murrizketarik onartuko, «behar bezalako transferentzia bat behar delako», gero zerbitzu horiek hobetzeko. Garamendik espero du, hauteskunde orokorrak gertu egon arren, hori ez izatea eskualdatuko den gai bakarra. «Autonomien Estatuaz, nazio aniztasunaz eta estatutu-itun bat bete behar dugula benetan sinestea espero dut oraindik», adierazi du.

Garamendik ez du ezkutatu Eusko Jaurlaritzak Sanchezenarekin duen etsipena, hitzartutakoa eta estatutu espiritua ez betetzeagatik. “Bistan da, ez dutela betetzen haiek onartutako egutegia, eta bost eskualdatze baino ez dituzte itxi, hogeita hamar bat eskualdetatik”, gaineratu du.

Honen harira, elkarrizketan zehar adierazi du transferentzia horiek egiten ez diren heinean eta Gernikako Estatutua betetzen ez den heinean, Estatuko Gobernua “Euskadiri dagozkion politikak kudeatzen” ari dela. Uste du birzentralizazio hori kontzienteki egiten dela, transferentzietan aurrera egiteko eta Estatutua betetzeko borondate politikorik ez dagoelako.

Ildo horretan, ikusita Estatuko hainbat oinarrizko arau gehiegi eta zehaztasun handiz sartzen direla, esan daiteke erkidego autonomoak eta gure kasuan EAE gai horien “betearazle huts” bihurtzen dituzte, berez erkidegoaren eskumena bada ere. Era berean, Garamendik uste du dinamika bat ezarri dela, non Estatuak legeak egin behar dituen lehenik, gainerakoek gai horiek garatu ahal izan ditzaten. “Eskumenen banaketa argi dago eta errespetatu egin behar da. Ez dute gaitasunik uzten gure politika publikoak garatzeko. 40 urte daramatzagu autogobernuan, eta hainbat esparrutan garatu ditugu gure politika publikoak. Hori autogobernua da”, azpimarratu du.