Bingen Zupiria sailburuak udaletxeetako euskara zerbitzuen topaketan parte hartu du

0

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak Udaltop udaletako euskara zerbitzuen topaketan parte hartu du gaur goizean. Aurtengo topaketa gaur eta bihar bitartean egingo da, «Bat, bi, hiru… Eskolaz kanpokoa euskaratik eta euskaraz» lelopean.

Bingen Zupiria sailburuak, bere hitzaldian, azpimarratu du garrantzitsua dela ekimenak egitea eskolan eta baita ikasgeletatik kanpo, euskararen ezagutza eta erabilera handitzen jarraitzeko gizartean, eta, zehazki, biztanle gazteenen artean. Hala, Jaurlaritzaren bozeramaileak, ikasgelen barruko egoerari dagokionez, nabarmendu du beharrezkoa dela Hezkuntza Lege berri bat izatea, ikastetxeei euskarazko proiektuak garatzeko ahalmena emango diena. Aldi berean, ikasgeletatik kanpo, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu du bere saila aisialdiarekin lotutako hainbat jarduera egiten ari dela euskaraz, horietako batzuk Kirola eta euskara Planean jasoak. Era berean, nabarmendu du aisialdiarekin lotutako horrelako ekintzak garatzeko erabilitako metodologia proiektu pilotuak abian jartzean, ondorioak ateratzean, produktua hobetzean eta garatu nahi dituzten udalerri eta erakundeei horrelako tresnak eskaintzean oinarritzen dela.