- Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea da Europan hondakinak prebenitzeari buruzko kontzientzia sortzeko kanpainarik handiena, eta azaroko hirugarren astean antolatzen da urtero
- Euskadin Ihobek dinamizatzen du, eta 2022. urteko edizioan 118 proposamen jaso ziren
- Saria jasotzeko hautagaietako bat den ikastetxe britainiarraren ekimenari dagokionez, jantokiko zarata murrizteko panelak eraikiko dira ehun-hondakinen bidez. 330 ikasle, 200 familia baino gehiago eta 50 irakasle ari diren proiektuan lan egiten
Leioako (Bizkaia) St. George’s British International School ikastetxea da Europa osoan, guztira, aurkeztu diren 16.129 ekintzetako 16 finalistetako euskal hautagaia, eta Ikastetxeen Europako XIV. saria lortu nahi du Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen ekintzarik onenarekin.
Leioako (Bizkaia) ikastetxe britainiarraren ekimena saridun izan daiteke jantokian zarata murrizteko eskuoihalen panel bat eraikitzeko proiektuari esker. Eskuoihal zaharrak eta ehun-zatiak berriz erabiltzeaz gain, xurgatze akustikoko mekanismo horiek giro askoz ere atseginagoa sortzen lagunduko dute bazkalorduan, estetika alde batera utzi gabe.
Ikastetxeko ikasleak arduratu dira materiala bildu eta panelak eraikitzeaz, eta ikastetxeak, materiala lortzeko, familiak sartu ditu tartean, materiala dohaintzan emateko edukiontzi batzuk gaituz. Guztira, 330 ikasle, 200 familia baino gehiago eta 50 ikasle aritu dira proiektuan lanean.
Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen 2022ko edizioaren gai nagusia ehunen zirkulartasuna izan da, gure planetan duen eragin handia nabarmentzeko eta, batik bat, sektoreari zirkularitate gehiago emango dioten ekintzak iradokitzeko.
Ehunen kontsumoa, hain zuzen ere, ingurumen-eragin handiena duten kontsumo-elementuen sailkapeneko laugarren lekuan dago, eta ehunaren eta jantzigintzaren industria gehien kutsatzen duenetako bat da; izan ere, eragin handia du lurraren, uraren, kutsaduraren eta berotegi-efektuko gas-igorpenen erabileran.
Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea Euskadin
Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen azken edizioan, zeina 2022ko azaroaren 19tik 27ra antolatu baitzen, 118 ekintza jaso ziren Euskadin: administrazio eta autoritateen 41, enpresen 18, hezkuntza-erakundeen 55 eta elkarteen 4. Europa osoan, guztira, 16.129 ekintza erregistratu ziren.
Urtero, ingurumenaren sektoreko Europako ospe handiko profesional batzuek ekintza finalistak hautatzen dituzte Astea inspiratu duten herrialde askotako ekintza guztien artetik, eta honako irizpide hauek izaten dituzte kontuan horretarako: ikusgarritasuna eta komunikazioa, edukiaren kalitatea, originaltasun eta eredugarritasuna eta eragin iraunkorra.
Sariak banatzeko ekitaldia 2023ko ekainaren 1ean antolatuko da Dublinen. Doan eman daiteke izena ekitaldian, eta gainerako ekimen finalistek Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen webgunean egin ahal izango dituzte kontsultak.
Ontziak, 2023ko gai nagusia
Beste alde batetik, antolaketa-taldeak dagoeneko iragarri du azaroan antolatuko den hurrengo Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen XV. ediziorako gai nagusia: ontziak. Ontzien Europako Batzordearen zenbait zifra kontuan hartuta, hondakin-fluxu hori material berrien erabiltzaile nagusietako bat da, eta hiri-hondakin solidoen % 36 ordezkatzen du.
Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea (ingeleseko siglak: EWWR), hain zuzen ere, Europan hondakinen prebentzioa ezinbestekoa dela barneratzeko kanpainarik handiena da. Tokiko eta eskualdeetako autoritate publikoek sustatzen dute, eta mota guztietako eragileak hartzen ditu barne (herritarrak, ikastetxeak, enpresak, GKEak, elkarteak eta abar). Euskadin, Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikoa da Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea bultzatzeko eta sustatzeko entitate arduraduna, hiri-hondakinak koordinatzen dituen HHKOren idazkaritza teknikoa den aldetik.