Garraio Sailak euskal trenbide sareko geltokietan sorospeneko 48 totem instalatzeko lizitazioa egin du

0

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, ETSren bitartez, argi berdea eman dio euskal trenbide sareko geltokietan sorospeneko 48 totem eta 28 kamera hornitzeko eta instalatzeko lizitazioari, nasarik apartatuenetan edo bidaiariek gutxien erabiltzen dituztenetan batez ere emakumeen segurtasuna hobetzeko. Kontrataziorako oinarrizko aurrekontua 272.000 eurokoa da, eta instalatzeko epea zortzi hilabetekoa.

Sorospeneko puntua, larrialdietarako “perretxiko” itxurako sakagailua duen segurtasun-totem batek osatzen du. Sakatzeak dei automatiko bat eragingo du ETSko aginte-postura, alarma-abisu akustiko bat sortuko da geltoki berean, totemaren goiko aldean instalatutako argi kliskatzailea distira egiten hasiko da eta azpiegitura horretan integratutako kamera zuzenean emititzen hasiko da, baita inguruko beste batzuk ere.

Trenbideko zirkulazio guztia kontrolatzen duen ETSko aginte postutik egiaztatuko da deiaren egiazkotasuna eta, hala badagokio, SOS Deietara pasatuko da. Laguntza-puntua osatzeko, grabazioa duten zainketarako 28 kamera ere instalatuko dira, eta horiek, trenbide azpiegituretan jada instalatuta daudenekin batera, segurtasuna optimizatuko dute.

Puntu kritikoko “perretxikoa” sakatzen denean, laguntza behar duen pertsonarekin ahots bidez komunikatzen hastearekin bat, era automatikoan irekitzen da irudi-leiho bat aginte-postuko kontrol-panelean. Leiho horretan, totemak fokatzen duen kamera bistaratzeaz gain, irudi berean jasotzen dira era estrategikoan aukeratutako beste hiru kamera ere, zaintzaz arduratzen den pertsonak tokiaren ahalik eta ikuspegirik onena izan dezan eta, horrela, erabiltzaileari baldintzarik onenetan erantzun ahal izan diezaion.

Totem horien presentziaren helburua da, alde batetik, disuasio-efektuaren ondorioz edozein eraso edo arrisku-egoera prebenitzea, eta, bestetik, larrialdien kudeaketan berme handiagoak ematea hala behar duen edozein pertsonari. Aia Orioko geltokian hainbat hilabetez egindako proba pilotuak emaitza onak eman ditu.

28 totem eta 18 kamera instalatuko diren Bizkaiko geltokiak hauek dira: Ariz, Berriz, Itxasbegi, Euba, Ermua, Derio, Forua, Zuhatzu, Bedia, Muxika, Institutua, Zamudio, Zugastieta, San Kristobal, Sangroiz eta Lurgorri. Bestalde, 20 sorospen gune eta 10 kamera instalatuko diren Gipuzkoako 12 geltokiak hauek dira: Errekalde, Aia Orio, Gaintxurizketa, Unibertsitatea, Arroa, Azitain, Toletxegain, Altza, Pasaia, San Lorentzo, Errotaberri eta Añorga.

Ekimen hori duela hiru urte hasi zen gauzatzen, Euskal Trenbide Sareko Berdintasun taldeak, bere IV. Berdintasun Planaren esparruan (gaur egun V.a onartu berri du), administratzen duen euskal trenbide sareko geltokien egoeraren diagnostikoa genero-ikuspegitik egiteko aukera planteatu zuenean. Emaitza ikusita, ETSko Zuzendaritzak proiektu horri garrantzia ematea eta euskal trenbide sareko geltokiak genero-ikuspegiarekin diseinatzeko irizpideak jasotzen dituen Liburu Zuria argitaratzea erabaki zuen.

Duela urtebete pasatxo argitaratutako gida horren helburua euskal trenbide azpiegituraren erabiltzaile guztiek espazioak eta zerbitzuak modu seguru eta erosoan erabili ahal izateko soluzioak ezartzea zen, haien adina, generoa edo gaitasuna edozein izanik ere. Are gehiago kontuan hartzen bada oro har garraio publikoari eta, bereziki, euskal trenbide garraioari buruzko estatistikak adierazgarriak direla. Emakumeak dira erabiltzaile nagusiak, baita Euskotrenen (euskal tren operadorea) zerbitzuetan ere, guztien % 63 baitira. Era berean, segurtasunik eza, bai espazio publikoetan, bai garraioan, nabarmenago hautematen dute emakumeek, eta horrek eragina du haien mugikortasunean.

Joan den irailean, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak Matilde Ucelay saria eman zion Liburu Zuriaren ekimenari. Sariaren helburua garraio, azpiegitura, mugikortasun eta hirigintzan gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lan egin duten pertsonak edo erakundeak publikoki aintzatestea zen. Argitalpen horrek jasotzen zuen neurrietako bat ETSk kudeatzen dituen geltokietan ikuspen, isolamendu edo irisgarritasun faltagatik zailtasunak dituzten eta, beraz, herritarrengan segurtasun ezaren sentsazioa eragin dezaketen zenbait puntu identifikatzea zen. Horren ondorioz, urte anitzeko jarduera-plan bat diseinatu zen, dagokion zuzkidurarekin aurrekontuetan, antzemandako akatsak konpontzeko.