Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eguneko ospitalearen jarduerari scape-gela erantsi dio

0

IKEAren gizarte-erantzukizunari esker lortu dira eremu berrirako altzariak, eta Gurutze Gorriko gazte boluntarioek kudeatuko dute haren jolas atala. Irrati bat ere egongo da, beren irrati-programak sor ditzaten: Tirita irratia.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Pediatriako Zerbitzuak aurrera jarraitzen du humanizatzeko estrategiarekin. Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Zuzendaritzak oso gogoan du erreferentziako zentro sanitario bat dela gure erkidegoko, baita mugakideetako ere, umeek pairatzen dituzten gaitzei dagokienez, eta ospitalean tratamendua jasotzeko ematen duten denbora hori ahalik eta samurrena eta atseginena izan behar dela.

Ildo horretatik, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak aliantza bat egin zuen IKEArekin, zeinak, bere gizarte-erantzukizun korporatiboko estrategiari esker, altzariak eman ditu jada, doan, pazienteen eta haien senideen atseden eta aisiarako zenbait eremutarako. Oraingoan, esku hartzeko proiektua egin du IKEAk, eta altzariak eta osagarriak eman ditu Eguneko Ospitale Pediatrikoaren espazio berrirako. Hala bada, toki funtzionalagoak eta erosoagoak sortu dira eremu guztietan.

Eguneko Ospitale Pediatriko berriak honako instalazio hauek ditu: medikuaren kontsulta independente bat, eguneko ospitalea bera (bi ohe, sei besaulki eta Erizaintzako Unitatea ditu) eta itxarongela/scape-gela. Argiztapen ona ere kontuan hartzekoa da. Gurutzetako plazara ematen duten leihate handiek, led argiek eta beirateek giro erosoa eta kolorez betea sortzen dute, altzariei esker.

Scape-gela

Scape-gela ospitaleratutako ume eta nerabeentzat eta haien senideentzako eremua da, eta helburutzat du parte hartzea sustatzea, aisiarako aukerak eskaintzea eta garapen osoa laguntzen duten balioak bultzatzea, jolasaren bitartez eta askotariko jarduerak eginez.

Gurutze Gorriko Gazteria ataleko boluntarioek kudeatuko dute beti, eta estimuluak, laguntza eta aholkuak emango dituzte jolasarekin zerikusia duen guztiaz, larunbat eta igandeetan, goiz eta arratsaldeko ordutegian. Gelan askotariko jarduerek honako hauekin dute zerikusia: jolas sinboliko eta hezigarriak, irakurtzea, mahai-jokoak, mozorroak, eskulanak eta teknologia berriak.

Tirita irratia

Gainera, Tirita irratia izeneko irrati-programa egiten dute scape-gelan, asteazken arratsaldetan, 17:00etatik 18:00etara. Ospitaleratutako haurrek aukera dute irrati-programa bat sortu eta horretan parte hartzeko, Tirita irratiari esker, eta haren protagonista izan daitezke. Irrati-saioak blog batera igota zabaltzen dira, nahi duenak entzun ditzan eta haietan parte hartu ahal izan dezan.