Belaunaldi-erreleboa funtsezkoa da Euskadiko lehen sektorean

0
  • San Isidro eguna dela eta, Tapiak Hondarribiko Mugarrieta abeltzaintza-ustiategia bisitatu du
  • Eusko Jaurlaritzak tresna berriak diseinatuko ditu lehen sektorea gaztetzeko eta XXI. mendeko erronkei aurre egiteko. Erronka horiek dira, besteak beste, jasangarritasuna, klima-aldaketa, elikagaien xahuketa, gainpopulazioa, lehengaiekiko mendekotasuna, etab.
  • Eusko Jaurlaritzak Nekazaritza eta Klima Aldaketaren Mahaia deitu du, gainerako erakundeekin eta sektorearekin abeltzaintzako ustiategiek bizi duten egoera aztertzeko

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek, San Isidro eguna dela eta, bisita egin dute Gipuzkoako Hondarribia udalerrian dagoen Mugarrieta ustiategira.

Bisitan, nekazaritzako elikagaien Euskadiko ereduaren aldeko alegatua egin nahi izan du sailburuak, familia-nekazaritzan oinarritua. Honako hau adierazi du: “eredu jasangarria da, ingurumenarekiko errespetuzkoa, ingurua zaintzen duena eta horretaz arduratzen dena; horregatik, funtsezkoa da lurraldea kudeatzeko. Familia-nekazaritzak tokiko produktu osasungarriak eta kalitatezkoak hornitzen ditu eta lurralde-oreka mantentzen laguntzen du.”

Mundu globalizatu honetan, lehen sektoreak zenbait erronkari aurre egin behar die Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) esparruan: jasangarritasuna, klima-aldaketa, elikagaien xahuketa, gainpopulazioa, lehengaiekiko mendekotasuna, etab. Tapiak honako hau nabarmendu du: “erronka horiei ekonomiaren sektore guztietatik erantzun beharko zaie, bai eta lehen sektoretik ere; horregatik, tresna berriak behar ditugu lehen sektorea gaztetu eta XXI. mendeko erronkei aurre egiteko. Ekintzailetza sustatu eta programa berriak bultzatu behar ditugu, hala nola GAZTENEK BERRI eta ON EKIN”.

Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek, Mondragon Unibertsitatearen laguntza pedagogikoarekin, lehen sektoreko gazteentzako enpresa-kudeaketako, digitalizazioko eta berrikuntzako prestakuntza antolatu dute, GAZTENEK BERRI izenekoa. Horrela, jarraipena eman zaio GAZTENEK programari. Horri esker, 2004tik, 919 gaztek gauzatu ahal izan dituzte lehen sektoreko euren enpresa-proiektuak. Horietatik, 325 emakumeak dira eta 594 gizonak, eta adin-tartea 25 eta 40 urte artekoa da. Azken datuen arabera, Euskadin 15.487 ustiategi daude erroldatuta, eta horietatik 11.249 abeltzaintzako ustiategiak dira.

Nekazaritzako elikagaien sektorearen egungo egoera

Nekazaritzako elikagaien sektorea une zailak bizitzen ari da lehengaien prezio igoeren ondorioz. Egoera hori larriagotu egin da azken urteetako ur-faltaren ondorioz.

Lehorteak, momentuz, ez dio gizarte osoari eragin, baina bai nekazaritzako eta abeltzaintzako profesionalei. Horregatik, ostiral honetan, Eusko Jaurlaritzak Nekazaritza eta Klima Aldaketaren Mahaia deitu du, gainerako erakundeekin eta sektorearekin esparruko profesionalek bizi duten egoera aztertzeko.

Bileran unearen diagnostikoa egiaztatuko da eta zenbait ekimen gauzatuko dira, ur-faltak aziendaren elikaduran eta baratzeen mantentze-lanetan eragin ditzakeen arazoak arintzen laguntzeko.

Mugarrieta abeltzaintza-ustiategia

Mugarrieta ganadutegia 1.948 esne-behi zituela sortu zen, eta, urteak pasa ahala, haragi-behietara aldatu zen. Gaur egun, Izaskun Agirrek, abeltzaintza-ustiategiko hirugarren belaunaldiak, ustiategiarekin aurrera jarraitzen du; 80 abelburu baino gehiago ditu, eta Eusko Labeldun haragia ekoizten du. Bere semea, Ion Areitio, jardueran parte hartzen hasi da, gizendegietako lan egiteko modua aldatzeko asmoz.

Proiektu berri honen helburua da autosufizientzia-mailarik handiena lortzea, lurraren laguntzaz, bai animalia berriak sortzean, bai horiek elikatzean. Espezie berrien elaborazioa eta egokitzapena dira Jonek etorkizunean lortu nahi dituen helburuak, kontuan hartuta erronka handiak dituela aurrean, hala nola klima-aldaketa eta abeltzaintza-jardueraren jasangarritasuna.