Ertzaintzak hitzordu-zerbitzua jarri du abian Gasteizko Ertzain-etxean presazkoak ez diren salaketak itxaron beharrik izan gabe jartzeko

0
  • Ekimenaren helburua da herritarrei arreta azkar, eroso eta itxaron beharrik izan gabe ematea

Eusko Jaurlaritzak hitzordu-zerbitzu pilotu bat jarri du abian Gasteizko Ertzain-etxean herritarrek presazkoak ez diren izapideak egiteko eta salaketak jarri ahal izateko. Ekimenaren helburua da Ertzaintzak aurrez aurre ematen duen zerbitzua ere azkar, eroso eta itxaron beharrik izan gabe ematea. Hori dela eta, sistema finkatuta eta ebaluatuta dagoenean, herritarrei arreta emateko Ertzaintzaren bulego eta ertzain-etxe guztietara hedatuko da.

Prozedura sinplea eta intuitiboa

Egunean 24 orduetan eskatu ahal izango da hitzordua Jaurlaritzaren web-atariaren bidez. Zehazki www.euskadi.eus/cita-previa-ertzaintza atalean. Sistema oso sinplea eta intuitiboa da, eta ertzain-etxean hitzordua astean zazpi egunetan eskatzeko aukera ematen du, 08:00etatik 21:00etara.

Hitzorduaren bidez presazkoak ez diren salaketak (kalteak, dokumentuen edo objektu pertsonalen lapurretak, ibilgailuaren lapurreta edo ibilgailuetan egindako lapurretak) aurkeztu ahal izango dira eta presazkoak ez diren izapideak (dokumentua galtzea edo adingabeak gurasorik gabe atzerrira irteteko baimenak) egin ahal izango dira. Nahikoa izango da oinarrizko datu pertsonalak betetzea eta harremanetarako telefono-zenbaki bat eta helbide elektroniko bat jartzea, eta helbide horretan jasoko dira sortutako hitzorduarekin lotutako jakinarazpenak. Hitzordua eskatzen denean, amaierako pantaila agertuko da bildutako datu guztiekin, eta hitzorduaren frogagiri gisa inprimatu ahal izango da.

Digitalizazioa

Zerbitzu hau herritarrek Ertzaintzarekin erabat online, ertzain-etxe batera joan beharrik izan gabe, egin ditzaketen kudeaketen zerrendari gehitu zaio. Zerrenda horretan daude, besteak beste, kudeaketa hauek: larriak ez diren delituen aurka salaketak online jartzea, Ekinbide bitartez kexak eta hobekuntza-proposamenak egitea, adingabeak atzerrira irteteko baimen sinpleak eskatzea, droneen hegaldi-operazioak eskatzea edo manifestazioen edo bileren jakinarazpenak egitea.