Eusko Jaurlaritzak diru-laguntza gehigarri bat onartu du Galtzagorri Elkartearentzat, euskarazko irakurzaletasuna sustatzen jarrai dezan

0
  • Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik aurten jasoko duen diru-laguntza honi esker “Irakurzaletasuna sustatzeko irakasleentzako Lantegiak” egitasmoan hobekuntzak ezarriko dira

Eusko Jaurlaritzak 7.800 euroko diru-laguntza onartu du bere gaurko saioan Galtzagorri elkartearentzat, “Irakurzaletasuna sustatzeko irakasleentzako Lantegiak” egitasmoan hobekuntzak ezartzeko. Gaurko Gobernu Batzordean onartu den diru-kopuruaz gain, Galtzagorri Elkarteak 60.000 euroko diru-laguntza izenduna jaso du aurten eta horren bitartez Haur eta Lehen Hezkuntza zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleei irakurketa sustatzeko formazioa eskaintzen zaie, EAEko 3 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteengan euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzeko asmoz.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, 2018az geroztik, diruz lagundu du Galtzagorri elkarteak bultzatutako haur eta gazteen artean irakurzaletasuna euskaraz sustatzeko egitasmoa. Ekimen horren bitartez Galtzagorri Elkarteko profesionalak Euskadiko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zentroetara joaten dira, irakasleei lantegi praktikoak eskaintzera. Gurditxo batean Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako 40 liburu inguru eramaten dituzte eta hauen bidez landu ditzaketen estrategiez mintzatzen zaizkie irakasleei, hauek haur eta gazteen irakurketaren bitartekari eraginkorrak eta motibatuak bihur daitezen.

Gaur Gobernu Kontseiluan onartutako diru-laguntza gehigarri honi esker, parte hartzen duten irakasleei liburu-gida bana emango zaie. Bestalde, gurditxo berri bat eskuratuko dute liburuak eskoletara garraiatzeko txandakatzen ibiltzen saihesteko. Azkenik, eskoletara eramaten dituzten liburuen kalitateak, kantitateak eta aniztasuna bermatzeko asmoz, liburu eta “Behinola” aldizkariaren ale berriak erosiko dira.

Iaz, guztira, 72 lantegi eskaini ziren EAEko ikastetxeetan eta aurten beste horrenbeste egitea aurreikusi dute.

Proiektu honen bitartez hainbat helburu lortu nahi dira, irakurtzeko zaletasuna sustatzearekin lotuta, bai eta euskararen garapenarekin lotuta ere:

  • Lehenengo helburua da euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea EAEko haur eta gazteen artean.
  • Irakasleen irakurketarako motibazioa ere sustatu nahi da. Irakasleak bihurtu nahi dira haur eta gazteen irakurketaren bitartekari eraginkorrak eta motibatuak. Haur eta Gazte Literaturan adituak direnen eskutik, euskarazko kalitatezko liburuak aurkeztuko zaizkie, formatu literario ezberdinak nola erabili eta norekin erabili azalduko zaie eta, horrekin batera, irakurtzeko zaletasuna sustatzeko estrategia ezberdinak erakutsiko zaizkie
  • Euskararen erabilera sustatzen da. Ikasleek euskarazko kalitatezko liburu berriak ezagutzen dituzte urtero eta horien inguruan hitz egiten dute haien artean. Ekimena oso baliagarria da euskara menperatzen ez duten gazteek beren maila hobe dezaten.
  • Haur eta gazteek euskara eta euskarazko literatura gozamenarekin lotzen dute. Ekimen honen bitartez haurren garapen emozionala, intelektuala eta afektiboa sustatzen da euskarazko Haur Literaturarekin gozatzen duten bitartean
  • Euskarazko Haur eta Gazte Literatura ezagutzera ematea. Proiektu honi esker, hainbat irakaslek bestela ezagutuko ez lituzketen kalitatezko hainbat nobedade ezagutzeko aukera izan ohi dute.
  • Ikastetxeak eta ikasleak are gehiago inplikatzen dira irakurtzeko zaletasuna sustatzeko eginkizunean.
  • Udal liburutegien eta eskolen arteko sare-lana bideratzen da, baliabide publiko ezberdinak lotuz haur eta gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatzeko bidean.