Eusko Jaurlaritzak erantzun etikoa eskatu du «eragindako mina onartzen ez dutenen» jokabide politikoen aurrean

0
  • Eusko Jaurlaritzak Energia trantsizioari eta klima aldaketari buruzko Lege proiektua onetsi du 2050 aurretik Euskadin klima neutraltasuna lortzeko
  • Osakidetzak 30 milioi €-ko kreditu gehigarria izango du, aurten bertan Euskadiko azpiegituretan eta funtsezko ekipamendu kirurgikoan inbertitzeko

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin, honek  Trantsizio energetikoari eta klima aldaketari buruzko Euskadiko Lege proiektua aurkeztu du,  eta Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuarekin, berak Osakidetzak 30 milioi euroko kreditu gehigarri baten gehikuntzaren berri eman du, batetik, eta, bestetik, egiturazko plantilla 19 profesionalekin handituko dela jakinarazi du; egiturazko plantillak, dagoeneko, 31 mila plaza dituelarik.

Bingen Zupiria bozeramaileak, Euskadiko bizikidetzari buruzko eztabaida politikoari dagokionez, azpimarratu du euskal gizarteak erantzun etikoa eskatzen duela “eragindako mina onartzen ez dutenen” jokabide politikoen aurrean. “Ez da bidezkoa, batetik, biktimentzat justizia eta erreparazioa eskatzea, eta, bestetik, min hori eragin duten pertsonei lehentasun politikoa eman nahi izatea. Ez da bidezkoa. Gizarte honek ez du merezi horrelako egoerak bizitzea”, adierazi du.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur landutako beste hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Alde batetik, Gobernu Kontseiluak Gizarte bonu termikoa zuzenean ematea eta ordaintzea erraztuko duen legeari argi berdea eman dio, beraz, aldeko irizpidea adierazi du Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak legebiltzar taldeek egindako lege proposamenaren inguruan berogailuaren, ur beroaren edo sukaldearen fakturak ordaintzeko laguntzak zuzenean ematea eta ordaintzea ahalbidetzeko. Zupiriak azaldu duenez, gizarte bonu termikoa pobrezia energetikoa arintzeko laguntzak zuzenean emateko programa da, eta Estatuko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatzen da, baina ordainketa autonomia erkidegoek kudeatzen eta izapidetzen dute, beraz, zuzenean ematearen aldekoa da jaurlaritza ere.

Bestalde, Jaurlaritzak beste irizpide baten berri eman du, oraingoan kontrakoa, Arartekoaren eskumenekin zerikusia duena. Bozeramaileak adierazi du Gobernuak uste duela ez dela beharrezkoa eta ez dela komenigarria Arartekoren zeregina arautzen duen legea aldatzea zehapen ekonomikoak edo isunak ezartzeko ahalmena izan dezan, PP-Ciudadanos alderdiak proposatzen bezala; “Gobernuak uste du ahalmen hori emateak bereganatuta duen bitartekaritza-funtzioa desnaturalizatuko lukeela”. Horrela, nabarmendu du Jaurlaritzak ustez Arartekoa kontrol-erakunde bat dela, herritarren eskura administrazio publikoen funtzionamendua zaintzeko dauden aukeren sorta zabalaren osagarri dena eta zeregin hau integratu eta indartu egiten duena.

Hezkuntza arloan, gaurko bileran Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeek makinak edota ekipamendua erosi edo errentan har ditzaten dirulaguntzak ematea onartu da. 2.200.000 eurokoko diru-kopurua duen deialdia da eta teknologiak etengabe dakarren berrikuntzari erantzuteko baliatu den laguntzak dira. Nabarmena da berrikuntza horiek erronka handiak dakartzatela enpresa-sektoreetara eta pertsonen prestakuntzara, Gobernuaren ustetan Lanbide Heziketa ezinbesteko bidelaguna da gaur egun Euskadin, bai pertsonen enplegagarritasunerako, bai enpresen lehiakortasunerako.

Eta amaitzeko, Gobernu Kontseiluaren bileran, 2023an egingo diren edo hasiko diren goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko diru-laguntzak ezarri dira. Urtero egiten den deialdi da hau hitzordu hauek lehiarako marko bat eskaintzen bait die goi-mailako euskal kirolariei, jarduera ekonomikoa sortzeaz aparte. Guztira, 200.000 euro bideratuko dira laguntza horietara, federazioei, mundo-mailako lehiaketetan parte hartzen duten kirolariei edota zirkuito edo ligaren formatuko lehiaketetan pentsatuta.