Gobernu Kontseiluak ez du komenigarritzat jotzen Arartekoari zehatzeko gaitasuna ematea (Gobernu Bilera 2023-5-16)

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua Salón de Actos y escudo de Euskadi
  • Jaurlaritzak ez du onartu indarrean dagoen legea aldatzeko PP-Cs taldearen lege proposamena aintzat hartzea, ahalmen horrek bitartekaritza funtzioa desnaturalizatuko lukeelako eta neutraltasuna zalantzan jarriko lukeelako
  • Arartekoak gobernuaren jarduerak kontrolatzeko eta eskatutako dokumentazio eta informazio guztia eskuratzeko nahikoa prerrogatiba eta salaketa jartzeko ahalmen badituela nabarmendu du Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak ez du beharrezkoa ikusten, ezta komenigarri jotzen ere, egungo legea aldatzea Arartekoari zigorrak ezartzeko ahalmena aitortuz zehatzeko ahalmen autonomoa emateko. Izan ere, ahalmen hori aitortzeak jada berea duen bitartekaritza funtzioa desnaturalizatuko luke. Gainera, zalantzan jarriko luke bere neutraltasuna, eta Administrazioaren egitura hierarkikoari dagozkion zehatzeko eta diziplinatzeko ahala oztopatuko luke, baita administrazioarekiko auzien jurisdikzioari gordetako fiskalizatzeko eta zehatzeko ahala ere.

Asteroko bileran, Gobernu Kontseiluak aurkako iritzia agertu du PP-Cs legebiltzar taldeak Arartekoaren erakundea sortu eta arautzen duen otsailaren 27ko 3/1985 Legea aldatze aldera egindako lege proposamena aintzat hartzeari dagokionez.

Arartekoaren figura Eusko Legebiltzarretik sortu zela azpimarratzen du Jaurlaritzak, Gobernuaren jardunaren kontrol parlamentarioaren ideiaren hedapen gisa sortu ere. Eta horregatik gaineratzen du bitartekaritza hori ez dela hertsapenean oinarritzen, ez duela hertsatzeko eginkizunik, ezta Administrazioa zehatzeko ahalmenik ere. Izan ere, ahalmen hori jada existitzen da, baina Administrazioari berari eta, hala badagokio, administrazioarekiko auzien jurisdikzioari erreserbatuta.

Salaketa ahalmen handia izateaz gain, Arartekoak baditu beste prerrogatiba batzuk  erantzukizun deklarazioa ekarriko duten prozedurak hasteko. Gobernuaren jarduerak kontrolatzeko dituen ahalmenen artean, bulego guztietara eta dokumentazio eta informazio guztietara sar daiteke, errekerimendu edo kontsulta bidez edo ikuskapen bidez. Balizko oztopoen erantzuleak zein diren adieraz dezake bere txostenetan, baita Fiskaltzaren aurrean salaketa jarri ere.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, Arartekoaren bitartekaritza pertsuasioaren bidetik egiten da, Administrazioa bultzatuz edo akuilatuz, berrikusi beharreko kasuak adieraziz, administrazioaren funtzionamenduan aldaketak iradokiz eta Legea Legebiltzarrean aldatzeko planteamenduak eginez.

Era berean, Jaurlaritzak azpimarratu du Arartekoa beste kontrol erakunde bat dela, herritarren eskura dauden administrazio publikoen funtzionamendua kontrolatzeko aukera sorta zabalean integratzen dena, indartzen duena eta haren osagarri dena. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak planteatutako legegintza programak berak aurreikusten du gardentasunari eta informazioa eskuratzeari buruzko lege proiektu bat egitea.