Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioa Eusko Jaurlaritzak garraioaren sektorean teknologia berriak eta segurtasuna ezartzeko laguntzen agindua onartu du

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren agindua, salgaien eta bidaiarien errepideko garraio publikoaren sektorean teknologia berrietako eta segurtasuneko sistemak ezartzeko 2023. urterako laguntza-programa ezartzen duena.

Laguntzen helburua da floten kudeaketan eta segurtasunean eraginkortasuna handitzea, garraio jasangarrirantz aurrera egiteko, sektorea modernizatuta. Laguntzak flotak lokalizatzeko eta kontrolatzeko sistemak (GPS edo antzekoak) ezartzeko emango dira, baita segurtasun-elementuak ezartzeko ere, besteak beste, guraizearena egitearen aurkako sistemak, istripuen erregistragailuak, kamerak, talkak arintzeko teknologiak (hala nola, sentsoreak eta radarrak), suteak detektatzeko eta autoitzaltzeko sistemak, larrialdietarako dei-sistemak edo gidatze eraginkorra optimizatzeko sistemak erregai-kontsumoa murrizteko. Era berean, aginduak eskola-garraioko eta adingabeen garraioko zerbitzuak egiten dituzten ibilgailuetan segurtasun-uhalak eta haurrak atxikitzeko gailuak instalatzea ere barne hartzen du.

Programak 180.000 euroko aurrekontua du (aurreko ekitaldian baino % 20 gehiago), eta azaroaren 30a baino lehen egindako inbertsioak babestuko ditu. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, laguntzen agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Laguntza hauek batuko zaizkie Eusko Jaurlaritzak joan den martxoan bidaiarien eta salgaien errepideko garraio-enpresa txiki eta ertainak modernizatzeko onartu zituenei. Laguntza horietara 5,14 milioi euro esleitu dira Next Generation EB Funtsen kargura eta Gobernu Zentralaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez.