Osakidetzak 30 milioi €-ko kreditu gehigarria izango du, aurten bertan Euskadiko azpiegituretan eta funtsezko ekipamendu kirurgikoan inbertitzeko

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua Salón de Actos y escudo de Euskadi
  • Era berean, egiturazko plantilla handitu du eta, hala, dagoeneko, 31 mila plaza baino gehiago ditu eta 19 profesional berri: 18 Arabako ZIU mugikor berriaren zerbitzura eta segurtasun-erreferente bat Osakidetzarako

Osakidetzak 30 milioi euro baino gehiagoko kreditu gehigarria izango du, aurten bertan hiru lurralde historikoetan haren azpiegituretarako eta ekipamendu kirurgikorako hamar bat inbertsio egiteko.

Hala baimentzen du Gobernu Kontseiluak Ekonomia eta Ogasun Sailak proposatuta hartu duen akordioak; haren bidez, baimena ematen da kreditu globala handitzeko, Diruzaintzako gerakinen kargura. Horrek aukera emango du Osakidetzako inbertsio berriak finantzatzeko, 30.100.000 euroan, guztira.

Zehazki, gaur onetsi den kreditu-gehikuntzari esker, Osasun Sailak honako inbertsio hauek egin ahalko ditu:

 

ESI KONTZEPTUA ZENBATEKOA
Bilbo Basurtu Neonatologiako berriztatze osoa   2.500.000,00€
Bilbo Basurtu Anatomia Patologikoko berriztatze osoa   5.000.000,00€
Arabako ESIa Farmaziako berriztatze osoa   2.000.000,00€
Arabako ESIa Pneumologiako ekipamendua   1.000.000,00€
Ezkerraldeko ESIa Endoskopiako ekipamendua   2.000.000,00€
Ezkerraldeko ESIa Gurutzetako Ospitaleko tentsio-hornikuntzaren berriztatzea   6.000.000,00€
Barrualdeko ESIa Esterilizazioko berriztatze osoa   1.800.000,00€
Debabarreneko ESIa Endoskopiako ekipamendua   1.500.000,00€
Debabarreneko ESIa Esterilizazioko berriztatze osoa   1.300.000,00€
Donostialdeko ESIa Amatasuneko eraikineko fatxaden berriztatze osoa   7.000.000,00€
GUZTIRA   30.100.000,00€

 

Kopuru horrez gainera, Osakidetzak aurten inbertsioetara 127 milioi euro bideratuko ditu, % 6 handitu den aurrekontu baten barruan, zeina 3.733 milioi eurokoa baita; haietatik, bi heren pertsonalera bideratzen dira. Osasun Sailaren aurrekontu osoa 2023rako Gobernu osoan hornikuntza handiena duena da: 4.650,4 milioi €-koa da, baita aurreko urtekoa baino % 6 handiagoa ere.   

Osakidetzako egiturazko plantilla handitzea, 19 profesional gehiagorekin 

Era berean, Gobernu Kontseiluak, gaur, Osakidetzako egiturazko plantilla handitzea onetsi du; horri esker, Arabako bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia berriaren zerbitzuak izango dituen 18 profesional berriak eta egitura zentraletarako segurtasuneko erreferente bat sartuko dira. Hala, Osakidetza egiturazko plantillan 30.992 langile izatetik 31.011 izatera igaroko da, aurten eta iaz egindako gehikuntzen ondorioz (919 plaza eta 2.467 plaza gehiago, hurrenez hurren).

Gainera, nabarmendu behar da Osakidetza 3.535 plaza finkatzeko prozesuan murgilduta dagoela; haien probak amaitu dira dagoeneko. Eta Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak, oraintsu, 7.639 plaza eskainiko direla iragarri du, 2020ko, 2021eko eta 2022ko LEPei dagozkienak; izena emateko fasean daude.

Gaur onetsi diren 19 postu berriak honako hauei dagozkie: larrialdietako pertsonal medikoa, erizaintza eta larrialdietako ibilgailu-gidarien ofizialak, bai eta segurtasun-arduradun eta segurtasuneko arduradun eta lotura bat ere Osakietzako egituretan. Zuzkidura horrek ZIU mugikor berriaren zerbitzua emango du; haren kostua 1,7 milioi eurokoa da, eta aukera emango du bai Vitoria-Gasteizen bertan bai Arabako landa-eremuan erantzun-denborak murrizteko. 

Osasun Sailak eta Arabako Foru Aldundiak akordio bat sinatu dute, anbulantzia berri horren basea Aldundiaren suhiltzaileen parke zentralean jartzeko, Langraizen; izan ere, baliabideak sarbide erraza duen eta asteko egun guztietan egunean 24 orduz martxan dagoen leku batean egon behar du. Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuak eginiko azterlanaren arabera, aukeratu duten lekua egokiena da, Arabako hiriburutik 15 minutu baino gutxiagora baitago, eta, gainera, aukera ematen du Arabako landa-eremuan ere babesa nabarmen hobetzeko: Agurain, Zuia, Añana, Arabako Errioxa eta Arabako Mendien zati bat.

Arabako bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia hori Araban erabilgarri dagoen hirugarren medikalizatua izango da; beste biak Vitoria-Gasteizen eta Laudion daude. Gainera, lurraldean ezaugarri berak dituzten beste bi anbulantzia daude, haiek ere bizi-euskarri aurreratukoak, pertsonal teknikoarekin eta erizaintzako pertsonalarekin, eta basea Vitoria-Gasteizen eta Amurrion dute. Hala, bizi-euskarri aurreratuko 5 anbulantzia dira lurralde horretan zerbitzu emango dutenak, guztira; horiez gainera, oinarrizko bizi-euskarriko beste 13 anbulantzia eta COVID gaixoak lekualdatzeko 2 anbulantzia berezi ere badaude. Horiek guztiek Larrialdiko Osasun Garraioaren Sarea eratzen dute; sare horren bidez, babesa ematen diete baliabide batzuek besteei, lehen mailako baliabideak okupatuta daudenean, eremuak babesik gabe gera ez daitezen. Garraio-sare horrek –Larrialdietako helikoptero bat ere badu–, Arabako landa-eremuaren kasuan, garrantzi berezia du, herrien artean dagoen distantzia kontuan hartuta.