+INDUSTRY 2023 ekitaldiak industria aurreratuaren arloko 700dik gora enpresa lider bilduko ditu SPRIren babesarekin

0

Bilbao Exhibition Centre industria aurreratuaren topagune estrategiko bihurtuko da ekainaren 6tik 8ra, hantxe egingo baita +INDUSTRY 2023 ekitaldia, Smart Manufacturing-ari eskainitako Espainiako plataforma handiena. Hogei herrialdetako 722 konpainia erakusketarik parte hartuko dute topaketan, 912 produktu eta 132 nobedade egongo dira ikusgai, eta 50 hizlarik hitzaldiak eskainiko dituzte. + Industry ekitaldiak SPRIren babesa du, eta baliagarri izango da gogoratzeko SME Week eta Basque Open Industry ekitaldiak ere BECen egingo direla azaroaren 13tik 17ra.

Barakaldoko BECen egingo den Basque Open Industry 2023 ekitaldiak euskal industriaren potentzial osoa bilduko du eta nazioarteko proiekzio handia emango dio Euskadiri. Batetik, SME Assembly batzarrarekin (azaroak 13-15), ETEentzako Europako ekitaldi garrantzitsuenarekin. Eta, bestetik, aste horretan bertan (azaroak 15-17) egingo den Europe Enterprise Network-EEN sarearen urteroko konferentziarekin. Euskadi EEN-ko kide da hasiera-hasieratik eta antolakunde horrek milatik gora ordezkari europar biltzen ditu.

+Industry 2023

Hiru egunez, ekitaldiak BECeko 1 eta 3 pabilioietan bilduko ditu industriarako fabrikazio-prozesu eta hornikuntza, digitalizazio, fabrikazio aurreratu, 3D inprimaketa eta prozesu industrialetarako ekipamendu arloetako nobedade eta aurrerapen garrantzitsuenak, bai eta aktiboen mantenimendurako azken produktu eta teknologiak.

Sustapen-erakusleiho paregabea izango da, zeinak aukera emango baitu sektore arteko sinergiak eta harreman komertzialak aprobetxatzeko, aldi berean hainbat azoka egingo direlako, erreferenteak direnak bakoitza bere sektorean: ADDIT3D, BeDIGITAL, MAINTENANCE, PUMPS&VALVES eta AZPIKONTRATAZIO azokak, industriarako hornidura eta burdineriaren azoka eta WORKinn Talent Hub ekitaldia.

Hala, Estatuko eta nazioarteko milaka bisitari profesional espezializatu dagoeneko erregistratu dira azoka bisitatzeko. Hainbat sektoretatik datoz, besteak beste hauetatik: aeronautika, automobilgintza, ekipo-ondasunak, burdinbideak, ingeniaritzak, makina-erreminta, ontzigintza, petrokimika, banaketa-kanalak, hornikuntza industrialen biltegiak, burdindegi kooperatibak edo erosketa-taldeak.

Gainera, +INDUSTRY ekitaldian hitzaldi egitarau zabala eskainiko da berrogeita hamar hizlari baino gehiagoren eskutik. Guztira, 23 eztabaida-ordu baino gehiago izango dira, zeintzuetan hizpide hartuko baitira industria aurreratua, fabrikazio gehigarria eta 3D inprimaketa garatzeko azken estrategiak; digitalizazioa eta prozesuen automatizazioa; metabertsoa eta biki digitalak; zibersegurtasun industriala, 5.0 mantenimendua, eta abar.

Gainera, +INDUSTRY ekitaldiak iraungo duen hiru egunetan Innovation Workshops izeneko aurkezpen laburrak egingo dira, eta enpresa erakusketari eta babesleek haietan aurkeztuko dituzte azken berrikuntza teknologikoak, kasu praktiko arrakastatsuak eta konponbide onenak.