EHUko udako ikastaroen barruan lan-mugikortasun planei buruzko mintegi bat egingo da ekainean

0

Mugikortasun eta Logistika Klusterrak udako ikastaro bat antolatu du lan-mugikortasun planei buruz.  Euskadin, 2022az geroztik, 100 langiletik gorako enpresak behartuta daude proiektu bat izatera euren langileek etxetik lanpostura egiten dituzten joan-etorrietarako.

Ikastaroa ekainaren 22an egingo da Donostiako Miramar Jauregian, Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dituen udako ikastaroen barruan eta Mubil, Gipuzkoako Mugikortasun Berriaren Zentroaren laguntzarekin. Zabalik dago izena emateko epea.

Ikastaroa bost ordukoa izango da eta bertan aztertuko dira indarrean dagoen araudia, tramitatzen ari dena, eta bigarren honekin etorriko diren eskakizun berriak. Horrekin batera, saio teoriko bat eskainiko da eta jarduera praktiko osagarri bat, ikasle bakoitzak bere planaren ildo nagusiak zirriborra ditzan. Araudiari buruzko atalean, hizlari arituko dira Eusko Jaurlaritzako eta Trafiko Zuzendaritza Nagusiko ordezkariak. Prestakuntza teoriko-praktikoa Ingartek enpresak emango du, hots, horrelako planak garatzen espezializatutako aholkularitzak.

Ikastaroak bost helburu ditu irakaspen aldetik. Batetik, ezagutzera emango da lan-mugikortasun planak ezartzeko beharra sortu duen ingurumen- eta energia-testuingurua eta testuinguru sozioekonomikoa. Bestalde, azpimarratuko dira lan-mugikortasun plan bat martxan jartzeak legea betetzeaz harago dakartzan abantailak enpresarentzat, langileentzat eta  gizartearentzat.

Horrekin batera, aztertuko da zein den planek atzean duten araudi-esparrua eta nola erantzun esparru horrek ezartzen dituen betebeharrei. Bestalde, jarraibideak emango ditu jakiteko nola egin lan-mugikortasun plan bat. Eta, azkenik, lagungarri izango da identifikatzeko zein abantaila dakartzan hainbat arlotan (erantzukizun sozial korporatiboa, erosketa berdea, ospea, etab.) lan-mugikortasun plan bat enpresaren aktibo gisa ustiatzeak.

Euskadin, 2022aren amaieraz geroztik, 100 langiletik gorako enpresak behartuta daude lan-mugikortasun plan bat izatera, haren bitartez   mugikortasun-eskaera murrizteko eta joan-etorri garbiagoak lortzeko. Betebehar hori heldu da Euskadin indarrean dagoen Jasangarritasun Energetikoko Legetik eta lege hori garatzen duen Errege Dekretutik.

Era berean, lan-mugikortasun plan bat izatea nahitaezkoa izango da Espainiako enpresa guztientzat 2023a amaitu baino lehen, behin onartzen denean une honetan tramitatzen ari den Mugikortasun Jasangarriko Legea.

Euskadiko Mugikortasun eta Logistika KLusterrak Mubil zentroaren laguntzarekin Euskal Herriko Unibertsitatearentzat antolatu duen “Gidaliburu azkarra Lan-Mugikortasun Plan bat egiteko” izeneko ikastaroaren helburua da jarraibide errazak ematea enpresei goian esan diren bi araudiak betetzeko.