Parketarrak 17 auzotan izango da maiatzaren 15etik ekainaren 2ra

0

Parketarrak egitasmoa Donostiako hamazazpi auzotan antolatuko da maiatzean eta ekainean, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta auzoetan antolaturiko euskara batzordeen elkarlanaren ondorioz. Lehen saioak maiatzaren 15ean hasiko dira Altzan, Añorgan, Morlansen eta Txomin Enean. Hortik aurrera, ekainaren 2ra arte, hiriko auzoetako hainbat parketan eta plazetan euskaraz jolasean aritzeko aukera izango dute haurrek zein horien gurasoek, doan.

Parketarrak ekimenaren helburu nagusia da haurrek euskara erabiltzea kalean eta parkeetan jolasean ari direnean. Egitasmo hau bi programatan banatuta dago:

  • Zabu-zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien familientzat antolatuta
  • Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat

 

Pasa den martxoko saioen balorazioa ona izan da

Martxoan antolatutako saioek harrera ona izan zuten: 1065 haurrek eta 225 gurasok parte hartu zuten. Guztira, 99 saio antolatu ziren. Saioetan parte hartu zuten gurasoek oso ondo balioetsi dute ekimena. Kalean eta parkean jolasteko ohiturari eustea garrantzitsua iruditzen zaie eta beste jolas batzuetan aritzeko aukera izatea ere bai: flopi-flopi, Krokodrilo jauna, lau izkinak, baloi eseria eta abar. Gainera, kalean euskaraz jolasteko ohitura sustatzearen aldekoak dira.

Aurten ere, egitasmoa 17 auzotan egingo da: Gros, Antigua, Altza, Añorga, Bidebieta, Igeldo, Loiolako Erriberak, Txomin-enea, Martutene, Amara, Amara Berri, Parte Zaharra, Egia, Aiete, Morlans, Ibaeta eta Intxaurrondon.

Donostiako auzo gehienetan sortuta daude euskara batzordeak eta auzoan bertan euskara sustatzeko plangintzak ari dira aurrera eramaten. Plangintza horien helburuetako bat da euskara aisialdi eremuetan erabiltzea eta horretarako Parketarrak ekimena oso eraginkorra dela ikusi dute Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek.

2023/05/15-an argitaratua