Unibertsitate irakaskuntzetan atzerriko tituluen homologazioa transferitzeko proposamen bat bidali dio Garamendi Sailburuak Ministerioari

0
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak profesionalen premian kokatzen du proposamena, batez ere osasun arlokoak, Euskadira etorri direnak eta osasun sistema indartu dezaketenak.
  • Isabel Rodriguez Ministroari bidalitako gutun batean, bere eskaerari ahalik eta lasterren erantzuteko eskatu dio Sailburuak, eta gogorarazi dio hainbat eskualdatze proposamen dituela oraindik erantzun gabe

Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Olatz Garamendik gutun bat bidali dio Lurralde Politikako Ministro Isabel Rodriguezi, unibertsitate irakaskuntzetan atzerriko titulu eta ikasketen homologazioa eta baliokidetasuna transferitzeko proposamena helarazteko.

Ministeriora atzo igorritako idatzian, transferentzia hori Gernikako Estatutuan sartuta dagoela azpimarratu du Sailburuak, eta Espainiako Gobernuak berak onartutako transferentzien egutegian jasota dagoela. Profesionalen premian kokatzen du bere eskaera, batez ere osasun arloan, Euskadira heldu direnak eta zerbitzua indartu lezaketenak. Gainera Estatuaren geldotasunari aurre egin behar diote titulu akademikoak homologatzeko eta baliozkotzeko tramitazioan. Horrek guztiak oztopatu egiten ditu hainbat arlotan herritarrei Euskadin ematen zaien laguntza hobetzeko aukerak. Horregatik, proposamena aztertzeko eta ahalik eta denbora laburrenean erantzuteko eskatu dio Ministroari.

Eskualdatze hori transferentzien kronograman sartuta dago, eta negoziazioaren hasiera data 2021eko apirila da, eta negoziazioaren amaiera 2021eko urria. Honako hau, Sailburuak Ministerioari azken bi urte pasatxotan igorri dizkion zazpigarren transferentzia proposamena da: meteorologia, itsas salbamendua, zinematografia babesteko funtsa, itsasertzaren kudeaketa, immigrazioa (atzerritarrei EAEn lan egiteko baimenen arloan), Barakaldoko Makineria Egiaztatzeko Zentroa eta igorri berri dion atzerriko unibertsitate tituluen homologazioarena.

Hauetan guztietan Eusko Jaurlaritzak ez du inolako erantzunik jaso Espainiako Gobernuaren aldetik. Gainera, Estatuko Gobernuarentzat garrantzirik ez duen gaia dela ematen duela kritikatu du.

Zazpi transferentzia horiei gehitu behar zaie 2021eko amaieratik negoziatzen ari diren aldiriko trenen transferentzia. Eskualdaketa horri dagokionez, Sailburuak esan dio negoziazioak ez duela behar adinako arintasunik izan, eta transferentziari modu globalean ekiteko behar den dokumentazioaren zain jarraitzen duela.

Azkenik, Garamendi Sailburuak Euskadi-Estatua Aldebiko Lankidetza Batzordea bultzatzeko akordioa nabarmendu du gutunean, eta foro hori benetako edukiz betetzea eta itxurakeria ez izatea espero du. Horrela, aurtengo uztaila baino lehen bilera bat egitea proposatu dio Ministroari.