Eusko Jaurlaritza Bermeoko Arrain Azokan izan da aurten ere

0
PRUEBA
  • Arrantzaren balio-kate osoaren erakusleiho ezin hobea da, garapen ekonomiko eta soziala lantzen jarraitzeko beste urrats bat
  • Inaugurazio-ekitaldian, Hegaluze saria banatu zaio aurten 50 urte betetzen dituen Bermeoko San Frantzisko Herri Ikastetxeari

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua Bermeoko Arrain Azokaren XXIX. edizioaren inaugurazioan izan dira gaur goizean. Bermeoko izaera, tradizioa, nortasuna eta produktuak balioesten dituen azokak era guztietako ekintzak eskainiko dizkie hiru egunetan bermeotarrei eta bisitariei.

Beste urte batez, irekiera ekitaldian, Hegaluze Saria entregatu zaio 2023ko irabazleari, kasu honetan, aurten 50 urte beteko dituen San Frantzisko Herri Ikastetxeari. Amaia Abaroa  zuzendariak jaso du, Guraso elkarteko ordezkari eta zenbait ikaslez lagunduta, Bermeoren izena zabaldu eta goratu edo herriaren alde egin duen pertsona zein erakundea nabarmentzea helburu duen sari hau.

“Gastronomia”. Horixe izango da, hain zuzen ere, aurtengo Arrain Azokaren gai nagusia. Izan ere, arrantzaleak itsasoratzeko arrazoi nagusia da gure platerera kalitate hobereneko produktuak ekartzea. Gainera, kontserberek ere helburu bera dute, lehen mailako arrain-kontserbak gure etxeetako mahaietara eramatea. Eta nola ez, gure ostalariek ere aipamen berezia merezi dute, kalitate handiko platerrak egiten baitituzte primerako produktu hauekin.

Hau dela eta, aurten gastronomiari aparteko garrantzia emango zaio.

Ekimen hau arrantzaren balio-kate osoaren erakusleiho ezin hobea da; beste urrats bat gure garapen ekonomiko eta sozialaren lanketan, hain zuzen ere. Are gehiago, azoka hau bermeotarron izana eta izena lau haizetara zabaltzen duen ekimena izateaz aparte, herritarron argazki bizi bat ere bihurtu da, geure-geure ditugun itsasoa, kresala, arraina eta berorren testuinguruan loturiko ekonomia, ohiturak eta ondarea uztartzen baititu” adierazi du Aritz Abaroak.

Zentzu horretan, hortaz, balio-kate hau osatzen duten pertsonek apustu sendoa egiten dute herri eta eskualde honen garapenean, berrikuntzan eta baita ere jasangarritasunean. “Gure nortasuna portura lotuta dago eta etorkizunera begira gure sektore hau zaindu eta bultzatu beharra daukagu. Bermeo itxaso eta arrantza barik ezin da ulertu, hori dela eta, garrantzitsua da herritarroi eta kontsumitzaileoi gogoraraztea oso ezinbestekoa dela gure arrantzale eta kontserberek egiten duten lana eta kalitatezko apustua balioan jartzea” gehitu du Abaroak. Erosketak egiterakoan kontuan hartu behar da atun lata edo arrain fresko eta ultrakonjelatuaren atzean dagoen balio katea, pertsonen lana eta berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta geure herriaren aldeko apustua.

Behin eta berriz eskatuko diet enpresei “Bermeo eta Urdaibai balioa” sortzen jarraitzea, horiek baitira, hain zuzen ere, munduan eredu direnak, inguru eta sektorearekin daukaten errespetuzko praktikak indartuz. Halaber, eguneroko jakiak Km O filosofian bermatzen dizkiguten gure bajurako arrantzaleei eta gure kontserba sektoreei eskerrak luzatu nahi dizkiet kalitatezko produktuen aldeko apustu irmoa egiteagatik jasangarritasunean eta kalitatean oinarrituriko produkzio sistemen bidez” adierazi du alkate bermeotarrak. Ez dago dudarik, beraz, guztion helburua dela Bermeo 365 eguneko arrain azoka izatea. Gauzak horrela, Bermeo eta gure arrantzaren arloko sektore eta produktuak merkatu zabaletan kokatzeko estrategiak lantzen jarraitzeaz gain, itsasoko jakiak gure sukaldeetan eskaintzen jarraitzeko lanean ere jarraituko da herriko ostalaritzarekin eta produktoreekin batera formazioan, kolaborazioan eta generazioen arteko erreleboan sakonduz.

Bukatzeko, alkateak, programa oparo hau antolatzen lagundu duten herriko elkarteei eskerrak emateko aprobetxatu du “gaur inauguratzen dugun ekimen hau ez litzateke posible izango zuen laguntza, prestutasun eta kolaboraziorik gabe. Eskerrik asko. Halaber, eta amaitzeko, herritarrak eta kanpotik iritsiko zaizkigun bisitariak Bermeoko izaera, tradizioa, nortasuna eta produktuak balioan jartzen dituen jai honetara gonbidatu nahi ditugu. Denok gonbidatuta zaudete hiru egun hauetan zehar edukiko ditugun ekintza guztietara. Gozatu dezagun asteburu bikain honetaz; gozatu dezagun Bermeoz!”, bukatu du.

BERMEO, ATUNAREN MUNDUKO HIRIBURUA

“Aurtengo Arrain azoka testuinguru ezin hobean datorkigu, izan ere, maiatzaren 2an eta 3an Bermeo Tuna Foruma ospatu genuen, atunaren arrantzaren sektorearen iraunkortasunaren inguruko nazioarteko foro garrantzitsuenetakoa. Esan genezake, hortaz, azoka hau Tuna Forumean hasitako bidearen jarraipena dela” azpimarratu du Abaroak.

Arrantza eta kontserba sektoreak nazioarte mailan kokatu du Bermeo. Izan ere, Bermeoko jarduera-ekonomikoak mundu mailan hazi eta zabaltzeko izan duen ekintzaile-gaitasunari esker, munduko atunaren hiriburu izatera heldu da, eta horrela aitortu da Bermeo Tuna Forumaren testuinguruan munduko beste hainbat hirirekin oraintsu sinatu den aliantzari esker.

Ezinbestekoa da, hortaz, gure ozeanoak zaintzea eta arrantza-praktika guztiak jasangarritasunean oinarrituta egotea. Apustu irmo hori da, hain zuzen ere Bermeo Tuna Forumean azpimarratu izan dena. “Atunaren balio-kate osoaren ordezkariak eta erakunde publikook bat eginik, agenda 2030 programaren barruan arrantza praktika jasangarrien eta ozeanoen jasangarritasunaren aldeko deklarazioa bultzatu dugu Nazio Batuetan onartua izan dadin. Bestalde, eta konpromiso bardinarekin, munduko atunaren 7 hiriburuen arteko aliantza ere sinatu berri dugu. Herri eta herritarrak gara gure etorkizunaren aldeko apustua jasangarritasunetik egin behar dugunok, …herri arrantzaleak izan garelako, garelako eta izaten jarraitu nahi dugulako” azaldu du Abaroak.