Soldata-Arrakalari buruzko II. Kongresuak maskulinizatutako eta feminizatutako sektoreetako emakumeen errealitatea aztertuko du Bilbon

0
  • Lan eta Enplegu Sailak eta Iberoamerikako Estatuen Erakundeak emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzeko politika publikoetan eta enpresetako ekintzetan adituak diren pertsonak bilduko dituzte

Soldata-Arrakalari buruzko Nazioarteko II. Kongresuak lan-merkatuan emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzeko politika publikoetan eta enpresak praktikan jartzen ari diren ekintzetan adituak diren pertsonak bilduko ditu ekainaren 14an Bilbon. Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak eta Iberoamerikako Estatuen Erakundeak itxitako programaren arabera, sektore maskulinizatu eta feminizatuetan lan egiten duten emakumeek partekatutako esperientziarekin amaituko den topaketa izango da.

Joan den urtean horrelako lehen Kongresua egin ondoren, soldata-arrakalari aurre egiteko sentsibilizazio-jardunaldi eta -kanpainekin bat egin duena, Kongresu berri honek ekitaldi hau sendotzea dakar, “zulo beltz hori ixten joateko eta Euskadi berdinago baterantz aurrera egiteko”, Idoia Mendia Lehendakariordeak hitzorduaren aurkezpen-webgunean adierazi duenez.

Oraingo honetan, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Estatu Iberoamerikarren Erakundea OEI (Organización de Estados Iberoamericanos para la Educación, la Ciencia y la Cultura) gonbidatu du Sailak. Erakunde hori da Iberoamerikan hezkuntzaren, zientziaren, teknologiaren eta kulturaren arloan lankidetza aldeaniztuneko erakunde handiena garapen integralaren testuinguruan, eta espainieraz eta portugesez mintzatzen diren 23 herrialdek osatzen dute. 2022tik, OEIk misio-ardatz berri bat du: Giza Eskubideen, Demokraziaren eta Berdintasunaren Programa, Garapen Jasangarriaren Agendarekin lerrokatua, ikuspegi dimentsioaniztun eta holistiko batekin, erakunde demokratikoak, sendoak eta giza eskubideak bermatzen dituzten konpromiso eta prozesuekin koherente direnak bultzatzeko, eta herritartasun arduratsu eta demokratikoa finkatzeko. OEIren aburuz, berdintasuna –bereziki, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna– eta emakumeen ahalduntzea ardatz kritikoa eta zeharkakoa dira, bere barneko eta kanpoko jardunbidean.

Planteamendu integral batetik abiatuta, II. Kongresu honek emakumeen herritartasun bete-betekoaren nahia jorratuko du. Horretarako, Nancy Fraser filosofo feministak proposatzen duen hiru dimentsioko teoriatik abiatuta, II. Kongresu honek justizia eta genero-berdintasuna lortzeko beharrezkoak diren hiru printzipioak jorratuko ditu: aitortza, birbanaketa eta gizon-emakumeen ordezkaritza parekidea.

Saioak arlo akademikoan, enpresarialean eta sindikalean ospe handia duten pertsonak izango ditu, eta amaitzeko, prekarizatutako eta maskulinizatutako sektoreetan lan egiten duten emakumeekin mahai-inguru bat egingo da. Egitaraua, gainerako informazioarekin batera, kongresuaren webgunean dago eskuragarri: www.soldataarrakalakongresua.eus

Informazio gehigarria