Arte Ederren Fakultateko sei ikaslek parte hartuko dute Chillida Lekuren lehenengo Education Lab-en

0

Bihar, maiatzak 24, Chillida Lekuk Phyllida Barlow (Erresuma Batua, 1944 – 2023) artista britainiarraren erakusketa bati ateak irekiko dizkio. Munduko eskultore garrantzitsuenetako bat izan den Barlowk (martxoan hil zen) zalantzan jarri zuen eskulturaren kontzeptu tradizionala. Horrela, artista britainiarraren eskultura ‘antimonumentalak’ kartoia, oihala, egur kontratxapatua eta zementua bezalako materialekin eginak daude.

Phyllida Barlowren erakusketa maiatzaren 24tik urriaren 22ra egongo da ikusgai, eta Chillida Lekuren lehen Education Lab garatzeko baliatuko da , ikasteko espazio bat eta artistaren, obraren eta publikoaren arteko bitartekaritza-tresna bat. Lehen aldi honetarako, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatearekin batera proiektu bat sortu da Barlowren obran oinarritutako egitura sor dezaten sei ikaslek (Zeramika: Artea eta Funtzioa Masterreko hiruk eta Sorkuntza eta Diseinuko Graduko azken urteko hiruk)

“Education Lab programa abian jartzeak eta parte hartzeak oso aukera interesgarria eman digu Arte Ederren Fakultateari, gure ikasleek Chillida Leku bezalako esparru profesional eta museistikoan egiten duten lana erakutsi eta balioesteko aukera ematen baitigu. Irakasle gisa, gure egungo ikerketa- eta irakaskuntza-lerroetan gurekin parte hartu duten ikasleak hautatu ditugu, ingurumen-arazoetan edo garapen iraunkorra eragozten duten ekintzetan oinarritutako hiru B-en inguruan (beheratu, birziklatu eta berrerabili). Horiek guztiak artearen pentsamendutik eta hizkuntzatik erakutsi nahi ditugu”, adierazi du Nerea Legarretak, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasle eta proiektuaren koordinatzaileak, José María Herrera Zeramika: Artea eta Funtzioa Masterreko irakaslearekin batera.

Lehen Education Lab honen emaitza, hau ere maiatzaren 24tik urriaren 22ra bitartean luzatuko dena, eraldatzen eta aldatzen joango den obra kolektibo bihurtuko da, bisitarien esku-hartzeari esker, obra sortu berria elkarlaneko pieza bihurtuz.

“Espazio horri esker, bisitariek esperimentatu ahal izango dute eta eskultorearen lan-prozesura hurbildu ahal izango dira. Prozesu horretan, hondakin-materialak edo aurkitzen zituen eraikuntzan erabilitako materialak erabili ahal izango dituzte, eta obra azkarrago eta eraginkortasun handiagoz egin ahal izango dute”, azaldu du Nausica Sánchez Chillida Lekuko hezkuntza eta ikerketa arloko arduradunak.

Parte-hartzaileak

Pep Boadas i Prats, Joey Manuel Ordóñez Requena, Aitana Rodríguez Albalejo, Irati Fernández Sáez de Viterti, Jon Triguero Miguel eta Aitziber Raya Puertas. UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko José María Herrera eta Nerea Legarreta irakasleek gainbegiratuta