Euskadiko nekazaritza-ustiategietako sasoikako langileentzako etxebizitzak erosteko edo hobetzeko 80.000 euroko laguntzak onetsi dira

0
  • Laguntza hauek sasoiko langileentzako etxebizitzek behar adina plaza dituztela eta bizigarritasun- eta duintasun-baldintzak betetzen dituztela bermatzeko ematen dira, haien gizarteratzea errazteko, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden bitartean
  • Euskadik 137 higiezin ditu sasoikako langileentzako ostatuen erregistroan alta emanda, 1.409 pertsonentzako edukierarekin

Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak, gaur egindako bileran, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiaren agindua onetsi du. Agindu horren bidez, nekazaritzako sektorean lan egiten duten sasoikako langileentzako ostatu izango diren higiezinak sortzeko, egokitzeko edo ekipatzen laguntzak deitzen dira.

Laguntza horiek Sasoikako Lanaren Arretarako 2022-2024 V. Plan Integralaren barruan daude. Plan horren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ustiategietan sasoikako zerbitzuak ematen dituzten langileen kontratazioa eta ostatua modu koherentean eta koordinatuan planifikatzea, lanean ari diren bitartean pertsona horientzat baldintza duinak bermatzeko. Laguntza horien bidez, ostatu gisa erabiltzen diren higiezinek eskatutako gutxieneko baldintzak betetzea lortu nahi da, bai eta bizigarritasun- eta duintasun-baldintza egokiak dituzten behar adina plaza izatea ere.

Horretarako, 80.000 euro emango dira guztira, eta 2023an egindako inbertsioak edo gastuak lagunduko dira diruz. Besteak beste, honako jarduera hauek:

  • Sasoikako langileen ostaturako higiezinak eraikitzea edo erostea. Dirulaguntza-ildo horretarako gehieneko zenbatekoa 20.000 eurokoa da.
  • Sasoikako langileen ostaturako ondasun-higiezinak birgaitzea, eraberritzea edo egokitzea (sasoikako langileak hartzeko higiezinen erregistroan izena emanda egon daiteke edo, egokitu ondoren, inskribatu ahal izango dira).
  • Arkitekturako, ingeniaritzako edo beste adar tekniko bateko profesionalen ordainsarien gastuak, higiezinak eraberritzeko edo egokitzeko inbertsioekin edo gastuekin lotutakoak, gehienez ere, diruz lagundu daitekeen kostuaren % 10eraino.
  • Altzariak eta ekipamendua.

Laguntzen zenbateko zehatza zehazteko, irizpide objektiboak hartuko dira kontuan, hala nola higiezinaren kokapena, lehentasuna emango zaie zaurgarritasun-maila handiko eremuei eta eskualdeei (esaterako, Arabako Errioxa, Lautada eta Arabako Mendialdea); sustatzailea Sasoikako Lanaren Arretarako V. Plan Integralean ezarritako nekazaritzako sasoikako lan-programari atxikita egotea edo ustiategiaren titularra edo kotitularra emakumezkoa izatea; eta ostaturako plazen batez besteko kopurua eta kostua.

Eskabideak aurkezteko epea

Eskabideak aurkezteko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da, eta funtsak erabat agortzen direnean amaituko da, edo 2023ko azaroaren 15era arte.

Eskabide-inprimakiak eta deialdiari buruzko informazio guztia eskuragarri egongo dira webgune honetan: www.euskadi.eus/servicios/1013810.