Eusko Jaurlaritzak 105.000 euro bideratuko ditu ITSASORATU programara, ikasleei arrantza-ontzietan prestakuntza-egonaldiak errazteko (Gobernu Bilera 2023-5-23)

0
  • Laguntza horiei esker, itsas-arrantzako heziketa-zikloetako ikasleak sektorearen errealitatera hurbilduko dira, eta flota gaztetzen lagunduko dute belaunaldi-erreleboa bermatzeko helburuarekin
  • 2016an ITSASORATU programa abian jarri zenetik, 120 gaztek ontziratzeko eta prestakuntza praktikoa jasotzeko aukera izan dute. Aurten, enpresa onuradun bakoitzak gehienez 2 ikasle sartu ahal izango ditu prestakuntza-egonaldian

Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak, gaur goizean, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiaren agindua onetsi du. Agindu horren bidez, ITSASORATU 2023 programa jarri da abian; arrantza-enpresentzako laguntza-programa itsas-arrantzako heziketa-zikloetako ikasleek ontzietan hilabetez ontziratzea eta arrantza-jardueraren egunerokoan prestakuntza praktikoa jasotzea ahalbidetzeko.

2023 ekitaldirako ITSASORATU programak 105.000 euroko zuzkidura du, eta enpresa eskatzaileei ematen zaie, gazteak ontziratzeko aldi bakoitzean sortutako gastuak ordaintzeko.

Laguntza horiek Euskadi Arrantza eta Akuikulturaren egitasmoaren barruan daude. Plan horren jarduera-ardatz nagusietako bat arrantza-sektorean trebatzea eta prestatzea da, profesionalizazioa bultzatzeko eta euskal flota gaztetzea bermatzeko, eta, horretarako, nautika- eta arrantza-prestakuntzako ikasleak erauzketa-sektorera hurbiltzea eta benetan ezagutzea errazten du.

2016an abian jarri zenetik, 815.000 euro bideratu dira ITSASORATU programara. Programa horretan 108 enpresek hartu dute parte eta 120 ikaslek prestakuntza-egonaldia egin ahal izan dute arrantza-ontzietan.

Prestakuntza-egonaldien ezaugarriak eta diruz lagun daitezkeen kostuak

Programak diruz laguntzen du itsas-arrantzako heziketa-zikloetako lehen mailako ikasleek arrantza-ontzi batean prestakuntza-egonaldia egitea marea baten baliokide den aldi batean, hau da, 20 edo 30 egun bitartean. Egonaldia EAEn egoitza-portua duten arrantza-ontzietan egingo da, edo Euskadin lan-egoitza duten armadoreen arrantza-ontzietan.

Enpresa onuradun bakoitzak gehienez 2 ikasle sartu ahal izango ditu prestakuntza-egonaldian. Egonaldi hori lehenengo ikasturtearen amaieraren eta hurrengo ikasturtearen hasieraren arteko aldian egingo da.

Ikasleek erdi-mailako edo goi-mailako nautika- eta arrantza-arloko heziketa-zikloetako lehen maila egiten aritu beharko dute CIFP Blas de Lezo LHII, Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHII, edo Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantza Eskolan, eta irakasgai guztiak gaindituta izan beharko dituzte.

Honako hauek dira ITSASORATU programaren bidez diruz lagundu daitezkeen gastuak:

  1. a) Ontziratze-aldi bakoitzean, enpresak ikasle bakoitzari eman behar dion 1.080 euroko haborokina.
  2. b) Gizarte Segurantzan alta ematearen ondoriozko gastuak.
  3. c) Ontziko ikasle bakoitzaren tutoretzaren, monitorizazioaren eta mantenuaren ondoriozko gastuak. Ontziratutako pertsona emakumea izatea sustatuko da, eta, horretarako 1.000 euro gehiago emango dira.
  4. d) Ekipoen eta laneko arroparen gastuak.

Enpresa onuradunak praktiketako ikaslearen jarraipena eta tutoretza egin beharko ditu, behar duen laguntza emateaz gain, eta prestakuntza-jarduera behar bezala garatzeko beharrezkoak diren bitartekoak, tresnak edo ekipoak erabiltzen lagundu beharko dio.

Eskabideak aurkezteko epea

Eskabideak aurkezteko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera irekiko da, eta hilabetekoa izango da.

Eskabide-inprimakiak eta deialdiari buruzko informazio guztia webgune honetan egongo dira eskuragarri: www.euskadi.eus/servicios/1051106.