Hezkuntza Sailak 2 milioi euroan handitu du 2022-2023 ikasturtaean unibertsitatez besteko beketara zuzenduriko diru kopurua

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta laguntzen deialdia 2 milioi euroan handitzea, 2022-2023 ikasturte honetarako. Gehikuntza hau beharrezkoa da beka jasotzeko baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guztiei erantzuna emateko, bai eta dirulaguntza aldatu zaien eskaerei edo oraindik ebatzi gabe dauden errekurtsoei erantzuteko ere. Ikasturte honetan eta orain artean, Hezkuntza Sailak 113.844 beka-eskabideren aldeko ebazpena eman du.

2022-2023 ikasturterako beken deialdia 2022ko ekainaren 22an onartu zen, 62,5 milioi euroko zenbatekoarekin. Deialdia arautzen duen Aginduak berak jasotzen du zenbateko hori handitzeko aukera, baldintzak betetzen dituzten familia guztiek laguntza ekonomikoa lortuko dutela bermatzeko helburuz. Era horretan, bermatuta geratzen da ikasle guztiek hezkuntza jasotzeko aukera berdinak izatea, familiaren egoera ekonomikoa zailtasun erantsia izan gabe.

Gaur onarturiko gehikuntzarekin, ikasturte honetarako beka deialdiaren diru-kopuru osoa 72.556.823 eurokoa izango da. Izan ere, aurretiaz (2022ko abenduan), Hezkuntza Sailak beste  8.056.823 euro gehitu zizkion deialdiari. Abenduko gehikuntza horren xedea izan zen derrigorrezko hezkuntzaren ondorengo etapetan (Batxilergoan eta Lanbide Heziketan) ikasten dabiltzan eta bekaren onuradun diren ikasleek 400 euroko laguntza osagarria jaso ahal izatea.